Ekonomia -

Koronabirusa

Telelanari buruzko hainbat galdera eta erantzun

Koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz, enpresa askotan telelana ezartzea erabaki dute. Etxetik lan egiteak sortutako zalantzak argitzen ditugu gida honetan.

Emakume bat etxetik lanean. Argazkia: pixaby.com
Emakume bat etxetik lanean.
Emakume bat etxetik lanean. Argazkia: pixaby.com

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren pandemiak eta alarma egoerak behartuta, enpresa askotan telelana bultzatzen hasi dira. Horixe baita jarduera ez eteteko duten aukera bakarra.

Telelanaren aukera aspalditik egon da erabilgarri, baina enpresetan ez da inoiz horren aldeko apustu garbirik egin eta orain, nahitaez ezarri nahi dute, salbuespen egoera baten baitan eta presaka.

Testuinguru horretan, zalantza asko sortu dira langile nahiz enpresarien artean. Gida honen bidez telelanari buruzko ohiko galderak argitzen saiatu gara.

Zer dio legeak telelanaren harira?

Ez dago telelana arautzen duen lege esklusibo bat eta praktika hori ez da posible sektore profesional guztietan. Alabaina, etxetik lan egiteko aukera Langileen Estatutuaren 13. artikuluan jasota dago. 

Horrez gain, 34.8 artikuluak dio beharginak bere lanaldiaren iraupena eta banaketa antolatzeko nahiz etxetik lan egiteko eskubidea daukala, familia eta lana bateragarri egite aldera. 

Kasu horretan, enpresak 30 eguneko epea izango du langilearen eskaria onartzeko edo atzera botatzeko. Arrazoi objektiboak erabili beharko ditu eta erantzuna idatziz helaraziko dio.

Etxetik lan egitera behartu nazakete?

Telelana ezin da inposatu, ezta koronabirusagatik ezarritako alarma egoeran honetan ere. Borondatezkoa da. Langileak nahiz enpresariak egin dezake proposamena, baina telelana indarrean jartzeko biak akordio batera iristea ezinbestekoa da. Ituna idatzita gelditu behar da.

Zeintzuk izango dira ordutegiak edo atsedenerako tarteak?

Telelangileak eta enpresan edo bulegoan dauden beharginek eskubide eta betebehar berberak dauzkate.

Txandak eta ordutegiak antolatzea enpresari dagokio. Beraz, enpresaburuak edo zuzendaritzak erabakiko du telelangilearen ordutegia eta atsedenerako tartea zein den, betiere lan-hitzarmenean edo Langilearen Estatuan jasotako baldintzak errespetatuta.

Nori dagokio lanerako tresnak jartzea?

Berez, enpresaburuak ahalbidetu behar dizkio beharginari etxetik lan egiteko behar dituen tresnak eta teknologia. Material horren instalazioaz eta mantenuaz ere bera arduratu behar da. Alabaina, posible izango litzateke langilearekin akordio batera heltzea eta honek bere dispositiboak erabiltzea. Aparatu pertsonal horietan enpresariak ezingo ditu kontrolerako edo segurtasunerako sistemarik ezarri.

Zure interesekoa izan daiteke: Konfinamenduan segurtasuna bermatzeko aholkuak

Nork ordainduko ditu Interneterako konexioa edo telefonoaren fakturak?

Printzipioz, enpresaburuak ordaindu behar ditu telelanak eragiten dituen gastuak. Hala ere, ez dago araututa eta, ondorioz, kontratuak edo lan-hitzarmenak telelanari buruz esaten duena aztertu beharko litzateke.

2002an, telelanari buruzko akordio orokor bat egin zuten Europar Batasunean. Itun horren arabera, lanerako ekipamenduari, horren erabilerari eta gastuei buruzko kontu guztiak zerbitzua ematen hasi aurretik argitu behar dira.

Nola egiten dira fitxaketak?

Legez, enpresa guztiak behartuta daude langileen lanaldiak erregistratzera. Lan zentroan sarrera-irteerak modu askotan kontrolatu daitezke: txartelarekin, sakelako telefonoarekin, eskuz idatzita…

Telelangileen kasuan, laneko ordenagailura urrunetik konektatuta edo mugikorraren bidez egiten dira fitxaketak. Horretarako, baina, ezinbestekoa izango da kontrolerako zerbitzuak eskaintzen dituzten sistema informatikoak edo aplikazioak instalatzea.

Ezbehar bat izanez gero, lan-istriputzat joko dute?

Telelangilea laneko arriskuen prebentziorako legearen babespean dago eta enpresaburuak haren segurtasuna eta osasuna bermatu behar ditu. Halaber, enpresan edo etxean gertatzen diren lan-istripuen arteko bereizketarik ez da egiten.

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren arabera, suposatzen da lantokian eta lanaldiaren baitan sufritzen diren lesio guztiak lan-istriputzat jotzen direla.

Edonola ere, sarritan oso zaila izaten da etxean gertatutako ezbehar bat lan-istripua den edo ez zehaztea. Horrelakoetan, erabakigarriak izango dira lanaldiaren fitxaketa, lesio mota eta istripuari buruz langileak bildu ditzakeen froga guztiak: dokumentazioa, osasun-agiriak, ezbeharraren tokiko argazkiak…

Zer gertatzen da lanalditik kanpoko dei eta mezuekin?

Konfinamenduan gaudenez eta etxea lantoki bilakatu dugunez, norbaitek pentsa dezake une oro egon behar dugula buruzagiari erantzuteko moduan, baina ez da horrela. Langileak eskubidea dauka bere lanalditik kanpo jasotzen dituen telefono deiak, WhatsApp mezuak edo posta elektronikoak ez erantzuteko.

Datuen Babeserako Lege Organikoaren 88. artikuluaren eta Langileek Estatutuko 20. artikuluaren arabera, buruzagiek langileen atsedenak, baimenak eta oporrak nahiz haien intimitate-eskubidea errespetatu behar dituzte, lana eta familia kontziliatzea sustatzeko.

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Teknologia Langabezia Lana Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Internet Koronabirusa Telelana