Ekonomia -

Koronabirusa

47 positibo atzeman dituzte Gasteizko Mercedesen, eta bost Tubos Reunidosen

Gainera, ELAk salatu duenez, beste enpresa arabar batzuetan ere kasu "andana" dago.

Gasteizko Mercedes. Argazkia: Efe
Gasteizko Mercedes. Argazkia: Efe
Gasteizko Mercedes. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELAk salatu du Gasteizko Mercedesen 47 langilek eman dutela positibo koronabirusean, eta beste bostek Tubos Reunidosen. Gainera, beste enpresa arabar batzuetan ere kasu "andana" dagoela jakinarazi du, besteak beste, Detesan, Olanen eta Guardian Llodion.

eitb.eus enpresa horiekin guztiekin hitz egiten ahalegindu da, ELAk emandako datua baieztatze aldera, baina ezin izan du; izan ere, batzuk itxita daude, pandemiagatik (Gasteizko Mercedes eta Tubos Reunidos), eta gainerakoek ez diote erantzun eitb.eus-en deiari.

Sindikatuak prentsa-ohar batean jakinarazi duenez, positiboak baieztatu dituzte honako enpresetan ere:  ITP Aero, Vicrila, Campezo, Teknia Elorrio, Cemosa Atxondo, MFS Trapagara, Fibertecnic Grupo Aernnova, Bruss, Sidenor, Thyssen Andoain, Petronor, Tamoin, UTE Goierrialdea, Naipes Fournier, Astar Sondika, Vicinay Sestao eta Konika Mikolta. Hasiera batean, ELAk Kaiku, Zigor eta Gureak ere seinalatu zituen, baina enpresa horiek ukatu egin dute kasu positiborik dutela.

eitb.eus enpresa horiekin guztiekin hitz egiten saiatu da, informazioa kontrastatzeko. Horrela, oraingoz, ITP Aerok, Vicrilak, Campezok eta Petronorrek egiaztatu dute gutxienez koronabiruseko kasu bat atzeman dutela euren lantokietan; Astar Sondikak eta UTE Goierrialdeak, berriz, ez dute informazioa baieztatu edo ezeztatu nahi izan. Konika Minoltak, bere aldetik, adierazi du ez duela Euskadin COVID-19ko kasurik, eta zehaztu du bere profesional guztiak telelana ari direla egiten, teknikariak izan ezik. Azken horiek bezeroak dauden tokietara ari dira joaten, betiere lan-arriskuen segurtasun-protokoloa beteta (babes-ekipoak eramaten dituzte, besteak beste). Thyssen Andoainek zehaztu duenez, ofizialki ez dute positiboren berririk izan; langile batek COVID-19 gaitzarekin bateragarriak diren sintomak zituen, eta, hortaz, enpresak martxoaren 20an gelditu egin zuen ekoizpena. Une honetan, lantegia itxita dago, Espainiako Gobernuaren agindua beteta.

Fibertecnic Grupo Aernnova, Tamoin, Naipes Fournier eta Vicinay Sestao itxita daude, eta ekoizpena geldirik dute koronabirusaren krisiagatik, eta Teknia Elorriok, MFS Trapagak eta Brussek ez diote gure deiari erantzun; hortaz, ezin izan dugu informazioa haiekin egiaztatu.

Hori dela eta, gogor kritikatu du "Confebask eta Gasteizko Gobernuko alderdi nagusia, EAJ, pandemiaren kontra borroka egiten ari diren profesionalen irizpideak betetzearen aurka daudenen abangoardia bihurtu izana".

Sindikatuak ulertzen omen du enpresa batzuetan, ekoizpen prozesuaren ezaugarriengatik, langileen ordezkariekin akordioak egin behar izatea, "gutxieneko jarduerari eusteko, baina osasuna lehenetsita". "Era berean, uste dugu pandemia ahal den lasterren amaitzeak lagundu egingo digula etorkizunean izango dugun egoera ekonomiko zailari aurre egiten", gaineratu du.

Horren harira, ohartarazi du kontra egingo diela "gauden egoera dramatikoari bizkarra emanez, ezinbestekoak ez diren sektoreetan jarduera normalari eusten saiatzen direnei".

Zigor Corporacion enpresak ukatu egin du

ELAk aipatutako salaketa egin eta gero, Zigor Corporacion konpainiak prentsa ohar bat publikatu du, taldeko enpresetan kasu positiborik dutela gezurtatzeko.

Konpainia horren arabera, alarma egora ezarri zenetik "neurriak" eta "protokoloak" adostu zituen enpresa batzordearekin, eta horren emaitza "ona" izaten ari da. "Ez dago kutsatze kasurik gure langileen artean", nabarmendu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio EAJ-PNV Sestao Bizkaia Gipuzkoa Araba ELA Confebask Euskal Autonomia Erkidegoa Laudio Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Trapagaran Andoain Albisteak Mercedes-Benz albisteak Elorrio Sindikatuak Aiarako kuadrilla Industria gaur