Ekonomia -

KORONABIRUSA

"Funtsezkoa ez den" jarduera ekonomiko guztia geldiaraztea eskatu du LABek

"Tresna juridiko eta ekintza sindikal guztiak" erabiliko ditu "gelditzeko" eta jendeari bere osasuna arriskatzea eragozteko.

Lantegi bateko langile bat. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Lantegi bateko langile bat
Lantegi bateko langile bat. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak herritarrentzat "funtsezko zerbitzua ez den" jarduera ekonomiko oro gelditzea eskatu du, industria eta eraikuntza barne, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren aurrean, eta sindikatuak "geldialdia" egingo duela langileen segurtasuna bermatzen ez duten enpresa eta lantegietan adierazi du.

Sindikatuak Donostian duen egoitzan egindako prentsaurrekoan, "sistema nagusia gaixo" dagoela adierazi du Aranburuk, "kapitalismo basatia, merkatuaren logika eta elite ekonomiko batzuen onura beste behar batzuen gainetik jartzen dituena".

Aranburuk "gabeziaz betetako" egungo eredua kritikatu du: "Zaintza-lanak ez dira aintzat hartu eta ez dira behar bezala konpondu". Horregatik, "orain ondorioak pairatzen ari gara", adierazi du, "zerbitzu publikoetan eta osasun publikoan murrizketak eginez". Eredu horrek "indartzeko plan bat" behar du, "ekonomia globalizatu baten alde" egiten baitu, "lanaren eta gizartearen prekarizazioa bultzatzen duen eta tokian tokiko kostuarekin lehiatzen den ekonomia globalizatu baten alde, kalitatezko ekonomia lokalago baten aldeko apustua egin beharrean".

Gainera, egungo "eredu neoliberala" gaitzetsi du, "lan eta gizarte harremanen indibidualizazioaren alde egiten duena, gizarte loturak hautsiz". Haren ustez, egungo larrialdia "kapitalaren zerbitzura dagoen batasun nazionala indartzeko" erabiltzen ari dira. "Une honetan lehentasuna pertsonen osasuna eta bizitza duina bermatzea izan behar da", gaineratu du.

Aranburuk gogorarazi duenez, "aurtengoa urte bereziki odoltsua izaten ari da langileentzat, 16 hildako izan baitira lan istripuetan". "Salbuespen egun hauetan ere ez ditugu ahaztu Alberto eta Joaquin, hondakinen eta zaborren artean lurperatuta jarraitzen baitute" Zaldibarko zabortegian duela hilabete eta bederatzi egunetik.

Testuinguru horretan, LABeko idazkari nagusiak "premiazkoa" dela "herritarrentzat funtsezko zerbitzua ez den jarduera ekonomiko oro gelditzea" adierazi du, "industria eta eraikuntza barne". "Enpresetan jarduera segurtasun neurri egokirik gabe mantentzea arduragabekeria da", ohartarazi du: "Kasu horietan, egoera jasanezina bihurtzen ari da, eta oso tirabiratsua da enpresa askotan".

Aranbururen esanetan, "ez du zentzurik, eta inkoherentzia handia da" pertsonen bizitza mugatzen duten neurri "oso gogorrak" ezarri izana, gure haurrekin paseatzera atera ezin izatea, esaterako. Hala ere,  gero lanera joatera behartzen gaituzte, eta kasu batzuetan "beharrezko prebentzio neurririk gabe".

Adierazi duenez, "jarduera gelditzea lortu den enpresetan langileen presioagatik izan da". Horregatik, "patronalaren neurrira egindako konfinamendu baten aurka borrokan jarraitzea baino ez zaigu geratzen". Horrela, LABek "gure esku dauden tresna juridiko eta ekintza sindikal guztiak" erabiliko dituela iragarri du, "gelditzeko", jendeak lantokietan bere osasuna arriskuan jar ez dezan eta gaixotu ez dadin "beharrezko neurriak" bermatzen ez dituztelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Krisi ekonomikoa Donostia albisteak Gipuzkoako albisteak LAB Lana Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sindikatuak Enpresaburuak Lan gatazkak Koronabirusa