Ekonomia -

COVID-19

Koronabirusak industrian eragingo duen kaltea ezin daiteke "oraindik neurtu"

Gasteizko Mercedes-Benz lantegiak aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat (ERTE) proposatu die langileei, baina hauek ekoizpena erabat etetea eskatu dute.

Industria lantegi bat. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Industria lantegi bat
Industria lantegi bat. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko industriak kalte "orokorra" aurreikusten du epe motzera eta luzera, "oraindik neurtu ezin dena". Hala ere, koronabirusaren krisiaren ondorioz ekoizpena oraindik mantentzen ari dela eta "EAEren eraldaketa digitalean lehenaldi eta geroaldi bat" markatuko duela adierazi du Eusko Jaurlaritzak.

Arantxa Tapia Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburuak urruneko topaketak egin ditu EAEko kluster industrialekin. Kezkatuta agertu diren arren, neurri egokiak hartuz gero "eragina iraultzeko gaitasuna" dagoela adierazi dute.

Sailak ohar batean azaldu duenez, merkataritza-jarduera "oso kaltetuta" dago eskaera faltagatik eta neurrizko ekoizpenagatik. Era berean, gainerako sektoreen antzera eta prebentzio neurrien ondorioz, enpresetako giza baliabideen kudeaketan eragina jasaten ari dira.

Lantegietako ekoizpenari nahitaez ez dagokion jarduera modu telematikoan gauzatzen ari da. Enpresak, halere, ekoizpen lantegietan telelana ezartzeko izaten ari diren zailtasun "izugarria eta nabarmena" nabarmentzen ari dira, eta beste neurri batzuk hartzen ari dira, hala nola, txandak konbinatzea.

Industria ekoizpenari begira, "normaltasun erlatiboz" garatzen ari da, segurtasun neurri "gogor eta zorrotzen" testuinguruan. Ez da "nahasmendu handiak" jasaten ari, enpresak zuzenean kaltetuak izan ez direlako edo alternatibak bilatu dituztelako.

Hala ere, oraindik modu orokorrean ez den arren, lehengaien eta produktu jakin baten faltaren "seinaleren bat" dago. Ildo horretatik, ekoizpenari eragingo dioten kalteak bi edo hiru astetan helduko liratekeela aurreikusi dute.

Kanpoko merkatuei dagokienez, enpresa txikienetan eta nazioarteko merkatuen menpe daudenetan dago kezka. Italia, Frantzia, Alemania eta Espainia, birusak gehien erasandako herrialdeak, EAEko industriako merkatu nagusiak dira.

Nolanahi ere, krisi hau EAEren eraldaketa digitalerako aukera bat dela uste du sailak, enpresa erakundeetan "iraultza" bat eragiten ari baita, ez baitago nola jardun adieraziko duen eskulibururik.

Iraultza hori "lan telematikoaren kultura berria" bultzatzen eta teknologia berrien aplikazioa errazten ari da enpresa ekoizpenaren hainbat prozesutan. Aldi berean, pertsonen arteko zuhurtziazko distantziei eusteko beharrak proban jarri ditu enpresen baldintza teknikoak eta azpiegitura baldintzak, jardueraren ohiko edo ezohiko zereginak aurrera eramateko.

Elikadura katean izandako eraginari dagokionez, krisia "salbuespenez" eragiten ari da enpresa horietan, ez eskarian eta supermerkatuetan izandako beherakadengatik, baizik eta ostalaritzan eta hoteletan, jatetxeetan eta kafetegietan izandako eraginagatik.

Sailaren arabera, nekazaritza eta elikadurako katea "oso tenkatuta" dago, saltoki handietan eskari handia dagoelako, % 300eko salmentarekin. Hala ere, sektoreko enpresak "modu orekatuan" erantzuten ari dira, eskari horren horniduran "erabateko bermea" eskaintzen dutelako.

"Ez da inolaz ere hornidura faltari loturiko arazorik aurreikusten, betiere kontsumitzailearen jokabidea benetako premiara egokitzen bada", ondorioztatu du Tapiak.

Gasteizko Mercedes-Benz enpresak ERTE bat proposatu du eta langileek ekoizpena gelditzea eskatu dute

Gasteizko Mercedes-Benz lantegiko zuzendaritzak aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat (ERTE) proposatu die langileei, koronabirusaren pandemiak eragindako krisiaren aurrean lantegiaren ekoizpena "pixkanaka" desaktibatzeko formula gisa. Aldiz, enpresa batzordeak ekoizpena erabat etetea eskatu du, langileen osasuna bermatzeko eta koronabirusaren kutsatzeak saihesteko. 

Gasteizko lantegiko 5.000 langile inguru ordezkatzen dituen organoak salatu duenez, enpresak "ez du nahikoa ematen" birusak kutsatzea saihesteko osasun agintariek gomendatzen dituzten higiene neurriak aplikatzerako orduan. Dagoeneko kutsatutako langile antzeman dute lantegian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Teknologia Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana ABEEE kasuak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Mercedes-Benz albisteak Enpresaburuak Koronabirusa Industriaren azken ordukoak Automobilgintza