Ekonomia -
Akordioa mahai-gainean
Bizkaiko kiroldegietako negoziazioa itxitzat jo eta ELAk bat egitea eskatu du Cebekek
ELAk, baina, hilabete honetarako deitutako protestei eustea erabaki du, eskaintza ez delakoan nahikoa.
Agentziak | Erredakzioa
Cebekek itxitzat eman du gaur, asteartea, Bizkaiko kirol-lokalen eta zelaien sektoreko negoziazioa, UGT, LAB eta CC.OO. sindikatuek "onargarritzat" jo ostean mahai-gainean jarritako azken proposamena. Ildo horretatik, "ELAk ere sektoreko hitzarmen kolektiboa sinatzea eta mobilizazioak bertan behera uztea" eskatu du.
Bizkaiko patronalak ohar baten bidez azaldu duenez, urtarrilaren 16an aurkeztu zuen proposamena, eta sektore horretako "enpresen ahaleginik handiena dakarren azken eskaintza" dela nabarmendu du. Zehazki, 124 enpresa eta 2.469 langile biltzen ditu sektoreak.
Arrazoi horregatik, ELAk "mobilizazioen bidez gatazkaren bila jarraitzea" ez dela ulertzen uste du patronalak. "Aurreko hitzarmenarekin alderatuta, historian eta Estatuko gainerako probintzietan sinatutako sektoreko edozein hitzarmen baino aldaketa hobeak jasotzen dira", ziurtatu du Cebekek.
Testuinguru horretan, patronalak azpimarratu duenez, "UGTk, LABek eta CC.OO.-k hitzarmena onargarria dela uste dute", eta asteazkenean eta ostegunean erreferendum bidez berretsi beharko dute. Dena dela, ELAk "gatazkan murgilduta" jarraitzen duela deitoratu du, "urtarrilaren 21etik 26ra eta otsailaren 4tik 6ra arte deitutako greba-egunei eutsiz".
Hobekuntzak alderdi guztietan
Bizkaiko patronalak adierazi duenez, "25 hilabete baino gehiagoko negoziazioen ondoren, sindikatuek giltzarritzat jotzen zuten alderdi guztietan sektorearen egoera orokorra hobetzen duen proposamena jarri dute mahai gainean enpresek".
Hala, Bizkaiko kiroldegietako hitzarmen berria adosteko lan egin duen patronalak nabarmendu duenez, urteko lanaldia 50 ordu murriztuko da 2023ra arte. Horrez gain, langileek KPIren araberako soldata igoera izango dute 2018an (% 1,1) eta 2019an (% 1,2), KPIren araberako soldata igoera gehi % 2,25 hurrengo hiru urteetan.
Gainera, sektorean 1.200 euroko gutxieneko soldata (16 ordainsari) onartu da datorren urtetik aurrera, % 5eko gautartasun plusa sortu da sarbideetako langileentzat eta sorosleentzat, lan egindako lehen ordutik aurrera, eta antzinatasuna kalkulatzeko modua aldatu da, "sindikatuek eskatzen zuten moduan".
Halaber, Cebekek azpimarratu du eskolak prestatzeagatiko plusa ere sortzen dela, jaiegunengatiko plusa pixkanaka handitzen dela eta enplegua hobetzeko klausula bat sortzen dela, zeinaren bidez "enpresan lanaldi partzialeko pertsonen lehentasuna bermatzen baita kanpoko pertsonen kontratazioaren aldean, lanpostu hutsen bat dagoenean".
Bizkaiko patronalak azaldu duenez, Gabonetako eta urte berriko lana borondatezkoa izango dela ezartzen da, lizentzia berri bat jasotzen da, 10 urtetik 12 urtera igotzen da eszedentzia eskatu ahal izateko adingabeek izan behar duten adina, kirol-jarduera bakoitzeko enpresek eman behar duten laneko arropa zehazten duen artikulu bat idazten da, eta prestakuntza-klausula bat ezartzen da.
Horrez gain, B2 eta C1 ikastaroak prestatzeko euskaltegiko matrikularen ordainketa ezartzen da, plegu administratiboak aztertzeko batzorde bat sortzen da, eta, enpresek, berdintasun-plan bat "legeak ezarritakoa baino urtebete lehenago" izan behar dutela ezarri da.
ELAk lanuzteei eutsiko die
Hala eta guztiz ere, Bizkaiko kiroldegietako langileak, ELAk deituta, Bilboko udaletxearen aurrean elkartu dira patronalaren azken proposamenak "sektoreko oinarrizko aldarrikapenak" ez dituela jasotzen salatzeko.
ELAk, patronalaren proposamena eskuartean, lanuzteak egiten jarraitzeko deia egin du urtarrilaren 26ra arte, eta otsailaren 4tik 6ra, lan-hitzarmenaren defentsan eta "negoziazio mahaian urratsik ez delako egiten".
Sindikatuak uste du ez direla nahikoa negoziazio mahaian emandako pausoak, eta horixe berretsi omen dute langileek asanbladan, "lan hitzarmena zaharkituta geratu dela eta egungo errealitatera egokitu beharra dagoela" iritzi diotelako.
Hori horrela, ELAk aste honetako eta otsailaren 4ko, 5eko eta 6ko lanuzteekin bat egiteko deia egin dio "sektore osoari".
Bizkaiko kiroldegietako azkeneko lanuzteak urriaren 28tik azaroaren 10era izan ziren, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek deituta.