Ekonomia -
Bizkaiko kiroldegiak
Bertan behera utzi dute Bizkaiko kiroldegietako greba
Patronalak beste proposamen bat aurkeztu du, eta UGTk, LABek eta CCOOk bertan behera utzi dute greba, langileek onartu edo ez erabaki arte. ELAk asteleheneko lanuztea utzi du bertan behera oraingoz.
Agentziak | Erredakzioa
UGT, LAB eta CCOO sindikatuek bertan behera utzi dute Bizkaiko kiroldegietan eta kirol zentroetan datorren asterako iragarritako greba, patronalak langileei egindako azken proposamena aztertu bitartean. ELAk, sektorean gehiengoa duen sindikatuak, asteleheneko protesta soilik utzi du bertan behera.
ELA sindikatuak (sektoreko ordezkaritza sindikalaren % 50 baino gehiago du) langileen batzarra egingo du astelehenean, urtarrilak 20, Cebek Bizkaiko patronalak atzo, urtarrilak 16, sindikatuetako ordezkariei aurkeztu zien eskaintza aztertzeko. Sindikatuak, halaber, beste aldarrikapen proposamen bat aurkeztu dio enpresa erakundeari, patronalak "erabat onartezintzat" jo duena.
Batzar hori dela eta, sindikatuak bertan behera utzi du urtarrilaren 20tik 26ra eta otsailaren 4, 5 eta 6ra bitartean sektoreko 2.500 langilek deitutako hamar greba egunetatik lehena. Batzarrak Cebeken proposamena onartzen ez badu mobilizazioak mantendu egingo direla ohartarazi dute sindikatuko iturriek.
Bestalde, beste hiru sindikatuek greba bertan behera utzi dute, langileek hurrengo astearte eta asteazkean (urtarrilak 21 eta 22) kontsultaren emaitzak ezagutu arte, LAB sindikatuko iturriek jakitera eman dutenez.
Patronalak ohar baten bidez azaldu duenez, urteko lanaldia 50 ordu murriztuko du 2023ra arte, eta 2018an (% 1,1) eta 2019an (% 1,2) KPIa igoko du, eta, hurrengo hiru urteetan, beste % 2,25.
Ezarri nahi dituzten neurrietako batzuk dira sektorean 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea 2021ean, 16 ordainsari (19.200 euro urtean) izatea, eskolak prestatzeko plusa sortzea, baita beste plus batzuk hobetzea ere, eta lanaldi partzialeko langileei lehentasuna ematea, enpresan lanpostu huts bat dagoenean kanpoko pertsonen kontratazioaren aurrean behintzat.