Ekonomia -

Balance de pasajeros

2019an bidaiari kopuruak gora egin du Loiun, Hondarribian, Noainen eta Forondan

Bilboko aireportuak inoizko emaitzarik onena izan du, % 8 hazi baita. Donostiakoa % 10,6 hazi da. Iruñekoa, % 18 eta Gasteizkoa, % 23,5.

Erabiltzaileak Bilboko Aireportuan. Artxiboko argazkia: EFE
Erabiltzaileak Bilboko Aireportuan
Erabiltzaileak Bilboko Aireportuan. Artxiboko argazkia: EFE

Agencias

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019a hazkunde urtea izan da Hego Euskal Herriko aireportuentzat. Bilboko aireportuak inoiz baino bidaiari gehiago izan ditu (5,9 milioi), eta Donostiako, Iruñeko eta Gasteizko aireportuetan ere gora egin du bidaiarien kopuruak; hurrenez hurren, 315.000, 242.520 eta 174.022 pertsona igaro dira. Horrez gain, aipatzekoa da Forondako merkantzien trafikoa % 3,7 hazi dela, 2018ko datuekin alderatuta.

Bilboko aireportuak marka guztiak hautsi ditu 2019an: ia sei milioi bidaiari (5.905.804) igaro dira bertatik, 2018an baino % 8 gehiago (duela bi urte ere markak ondu zituen aireportu bizkaitarrak). Zabaldu zuten urtetik, 1948tik, lortutako marka onena da 2019koa. 

Espainia barruko zein nazioarteko hegaldietan egin du gora bidaiarien kopuruak Bilboko aireportuan: % 7,1 (3.348.938 bidaiari) eta % 9,5 (2.547.474 bidaiari), hurrenez hurren.

Bestalde, Hondarribiko aireportua % 10,6 hazi da, 315.000 bidaiari langa igarota. 2009tik ez du kopuru hori gainditu.

Bartzelonarako bidaian % 17ko igoera izan da, eta Madrilen kasuan, berriz, % 7,2koa. Goi mailako turismoarekin eta enpresen jarduerarekin lotutako hegaldi erregularrak ez diren operazioen hazkundea % 32koa izan da, eta % 14 bidaiari gehiago iritsi dira Espainiatik, Frantziatik, Portugaldik eta Erresuma Batutik.

Bestalde, Hondarribiak Londresekin duen lotura berreskuratuko du uda honetan, uztailaren 10etik aurrera martxan egongo baita Gipuzkoako aerodromoa London Cityrekin lotuko duena.

Loturaren arduraduna Cityflyer izango da, British Airwaysen filiala, eta Donostia eta Londres lotuko ditu uztailaren 10etik irailaren 4ra arte, astean 2 egunetan, astelehenetan eta ostiraletan.

Iruñeko aireportuko bidaiarien trafikoari dagokionez, % 18ko hazkundearekin itxi du 2019a, 242.520 bidaiari zenbatu baititu. Urte osoan 6.135 eragiketa egin dituzte, aurreko urtean baino % 4,5 gutxiago, AENAk astelehen honetan emandako datuen arabera.

Azkenik, Foronda-Gasteizko aireportuak inoizko daturik onena izan zuen iaz salgaien trafikoan, 64.463 tonara iritsi baitzen, 2018an baino % 3,7 gehiago.

Bidaiarien trafikoari dagokionez, 2019an 174.022 pertsonak erabili zituzten aireportuko instalazioak, hau da, 2018an baino % 23,5 gehiagok, Sustapen Ministerioak astelehen honetan jakitera eman duenez.

Operazioei dagokienez, 2019an 10.797 lurreratze edo aireratze izan ziren, % 10,7ko hazkundea, hain zuzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bilbo Donostia Iruñea Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Gasteizko Aireportua Bidaiak 2023 Hondarribiko aireportua Noain Iruñeko aireportua albisteak