Ekonomia -
Urtarrilak 30
Euskal Herriko pentsiodunek 'jauzi kualitatiboa' eman nahi dute greba orokorrarekin
"Espainiako Estatuko herriei" zuzendutako gutun batean adierazi dutenez, "beharrezkoa da pentsio sistema publikoaren eta pentsio publiko duin batzuen aldeko borroka zabaltzea".
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua "Espainiako Estatuko herriei" zuzendu zaie, urtarrilaren 30ean "mobilizazio orokor bat deitu eta egun horretarako mugimendu sozialek eta Euskal Herriko sindikatu gehienek deitutako greba orokorra babestea erabaki" duela jakinarazteko.
Gutun ireki batean esan duenez, "beharrezkoa da pentsio sistema publikoaren eta pentsio publiko duin batzuen aldeko borroka zabaltzea".
Hala, mobilizazioetan "jauzi kualitatiboa" emanez "pentsiodunak, emakumeak, gazteak, langileak eta autonomoak inplikatu" nahi izan dituztela azaldu dute. "Pozten gara grebak izan duen babes zabalagatik. Ziur gara gure herriko kaleak beteko ditugula berriro urtarrilaren 30ean", erantsi dute.
Pentsiodunek nabarmendu dutenez, "astelehenero, 13.000 pentsiodunek" Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako herrietako ehunka plaza betetzen dituzte. Horrez gain, manifestazio "jendetsuak" egin dituzte, baina, halere, ez dituzte euren "helburu minimoak" lortu.
Ingurumaria horretan, "2018ko ekainetik zerbait egin behar zuenak, Estatuko Gobernuak, ez du egin, ez da egiten ari eta ez daukagu berme nahikorik esateko datozen hilabetean zerbait egingo dutenik gobernu berriarekin", gaineratu dute.
Horren aurrean, "aitzakiekin, atzerapenekin eta ipuinekin nazkatuta" daudela esan dute, eta "ekintzak" nahi dituztela. "Gure aldarrikapenak urgenteak bezain bidezkoak dira, eta bihar bertan jar daitezke martxan; borondate politikoa baino ez da behar".