Ekonomia -
2020rako aurrekontu proiektua
Elkarrekin Podemosek aurrekontuko 350 milioi euro mugitzea eskatu dio Jaurlaritzari
Martinezek esan du bat egiten dutela Jaurlaritzarekin berdintasun eta klima aldaketa alorretan, besteak beste, baina zerga erreforman zailtasun gehiago antzeman dituztela.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak ostegun honetan ekin dio 2020rako aurrekontu proiektua aurrera ateratzeko negoziazioari. Elkarrekin Podemos hartu du aurrena. Izan ere, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten koalizio gobernuak ez du kontuak onartzeko nahikoa babes, eta gutxienez oposizioko talde baten aldeko botoa edo abstentzioa beharko luke.
Bileran, Elkarrekin Podemosek aurrekontuak negoziatzeko proposamena helarazi dio Jaurlaritzari, eta horretarako 350 milioi euroko partidak mugitzea jarri dio mahai gainean.
Horixe jakinarazi du Lander Martinez bozeramaileak Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuarekin eta bere lantaldearekin egin duten batzarraren ostean.
Martinezek esan du bat egiten dutela Jaurlaritzarekin berdintasuna eta klima aldaketan, besteak beste, baina zailtasun gehiago antzeman dituztela jeltzaleek PPrekin adostu zuten zerga erreforma aldatzeari dagokionez.
Elkarrekin Podemosek ez omen du "marra gorririk" jarriko negoziazioan, baina negoziatzen jarraitu hala ez erabakitzeko denbora behar dutela, eta oraindik gaur arratsaldeko bilera soseguz aztertu nahi dutela azaldu du.
Lehenengo bilera
Sailburuak aurreratu duenez, EH Bildurekin baino "errazagoa ematen du Elkarrekin Podemosekin akordioa lortzea". Koalizio abertzalearekin negoziazio luzea izan zuen iaz sailburuak, baina, azkenean, ezerezean geratu zen akordioa.
Alderdi Popularrarekin, aldiz, "askoz zailagoa" ikusten du, PPk zergak 1.500 milioi euro murrizteko eskatu baitu. Sailburuak aitortu du eskaera horrek "hotzikarak" ematen dizkiola, baina, halere, talde guztiekin hitz egiteko prest agertu da.
Horrela, datorren astean, ostegunean ziurrena, EH Bildurekin bilduko da Azpiazu, erabat itxita ez duten arren. PPrekin ere batzartuko da sailburua, baina oraindik ez dute datarik zehaztu.
Aurrekontua
Azken egunetan euren sailetako partidak azaldu dituzte sailburuek Eusko Legebiltzarrean. Izapideok beteta, abenduaren 4ra arte dago proiektuari zuzenketak aurkezteko aukera. Beraz, "negoziatzeko aukera dago", Azpiazuren esanetan.
11.774 milioi euroko poltsa izango da, eta 2019an baino % 2,9 (301 milioi euro) gehiago bideratuko ditu politika publikoetara. Kontuek aintzat hartu dute genero ikuspegia, soldata arrakalari eta indarkeria matxistari aurre egiteko eta berdintasun politikak garatzeko.