Ekonomia -
Erretiro-pentsioak
EAEko pentsiodunek larunbateko manifestazioetan parte hartzera dei egin dute
Bilbon, Gasteizen eta Donostian izango dira, apirilaren 13an, pentsiodunen eta erretiratuen aldarrikapenen aldeko manifestazioak.
agentziak | erredakzioa
Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako pentsiodunen plataformek datorren larunbatean, apirilaren 13an, EAEko hiriburuetan egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin dute, asteleheneroko elkarretaratzeen ostean jakitera eman dutenez. Manifestaziok hauteskunde kanpainaren lehen asteburuarekin bat egingo dute.
Bilbon, ehunka erretiratu eta pentsiodun bildu dira gaur, euripean, Udalaren inguruetan beren aldarrikapenen defentsan.
Datorren larunbateko manifestazioaren garrantzia azpimarratu du Jon Fano Bizkaiko elkartearen ordezkarietako batek, "testuingurua bat ere onuragarria ez delako". Halaber, astelehenetan elkarretaratzeak egiten jarraitzeko beharra azaldu du.
Donostian, berriz, Alderdi Ederren egin beharrean Gipuzkoa plazan egin dute gaurko elkarretaratzea euria zela eta.
Mila Quintana Alderdi Ederreko pentsiodunen ordezkariak agiri bate irakurri du gaur, eta pentsio pribatuen aurka jo du, ez baitituzte "diru-sarrerak bermatzen".
Horren harira, Europa mailan prestatzen hasi diren pentsio indibidualen planak "berehala bertan behera utzi dezaten" eskatu die EBri eta Europako Parlamentuari, "erretiro-pentsio pribatuak sustatzeko eta sistema publikoarenak galarazteko bidea baita".
Bestalde, Gasteizen, erretiro-pentsio duinen aldeko manifestazioa egin dute gaur, euripean ere.
Juan Antonio Armentia Pentsionistak Arabako elkarteko bozeramailearen arabera, hauteskunde garaian "airean daude" orain arte lortutako hobekuntzak.