Ekonomia -
Pentsio duinak
Pentsiodunak berriro mobilizatuko dira hiriburuetan, apirilaren 13an
Egun horretan hauteskunde orokorretako kanpaina abiatuko dela baliatu nahi dute pentsiodunek. Manifestazioak Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean izango dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Herriko pentsiodunen plataformek manifestazioak deitu dituzte hiriburu guztietan, apirilaren 13an, alderdi politikoek hauteskunde orokorretako kanpaina abiatuko duten egunean.
Hala erabaki dute gaur goizean Gasteizen egin duten bileran. Pentsioen auzia apirilaren 28ko hauteskundeetan erabakigarria izango dela ohartarazi eta pentsio duinak aldarrikatzen jarraituko dutela azpimarratu dute.
"Gure eskakizunak lortu arte ez dugu amore emango; gaurko eta biharko pentsiodunak duintasunez bizitzea eta orain arte lortutako eskubide guztiak bermatzea da gure helburua", azaldu dute ohar batean.
Halaber, herritar guztiei apirilaren 13ko mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatu diete.
Bileran, bere aldarrikapenei azkeneraino eutsiko dietela berretsi dute. Besteak beste, 1.080 euroko gutxiengo pentsioa eta diru-laguntzak KPIren arabera eguneratzea eskatzen dute.