Ekonomia -

Sestaoko ontziola

La Navaleko langileek irtenbideak eskatu dizkiete Pedro Sanchezi eta PSOEri

Navantiako lantokietara eramango dituzten langileei gutun bat bidali die Sepik, nora joan nahi duten esan dezaten.

La Navaleko langileen protesta Bilboko Areatzan, gaur. Argazkia: EFE
La Navaleko langileen protesta Bilboko Areatzan
La Navaleko langileen protesta Bilboko Areatzan, gaur. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

La Navaleko langileek elkarretaratzea egin dute eguerdian, Bilboko Areatzan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eta PSOEri irtenbideak eskatzeko, "eurak baitira ontziolaren itxieraren arduradun nagusiak".

Otsailaren 28an Sestaoko langileak kaleratzeko autoa eman zuen epaileak. Elkarretaratzea, hasiera batean, plaza Berrian egin behar zuten, han egon baita Pedro Sanchez Euskaltzaindiaren egoitza bisitatzen.

Ertzaintzak, ordea, ez die elkarretaratzea han egiten utzi eta langileak Areatzaraino joan dira elkarretaratzea egitera, segurtasun neurri handien artean.

Juanjo Llorden enpresa batzordeko idazkariak gogoratu duenez, ontziolaren pribatizazioa "erabaki politiko batek" eragin zuen, eta erabaki horren ondorioz ontziola itxi egingo dutela esan du.

"Gobernu zentralaren erantzukizun politikoa lanpostuak berreskuratzea da; eta, Eusko Jaurlaritzak horretan babestu behar gaitu, baita Espainiako Gobernuari La Naval berreskuratua izateko presioa egitea ere, hori erabat posiblea baita", esan du Llordenek.

Sindikatuko bozeramailearen ustez, instalazioak alokatzeko eta dragaren aktiboak erosteko eskaintza egin ahal zaio konkurtsoko administratzaileari. Llordenen ustez, Sepik eta Navantiak akordioa adostu dezakete Van Oordekin dragaren lanak hasteko. "Horrek, 20 hilabetez 1.000 langileri lana emango lieke; eta 20 hilabete gehiago izango genituzke arazoari erabateko irtenbidea bilatzeko: gobernuek ontziola erostea, hain zuzen", azaldu du.

Ildo horretan, Bruselak aukera hori "posiblea" dela esan diela gogoratu du, baldin eta "enpresa hutsetik hasi eta epe ertain eta luzera bideragarritasun plan bat aurkezten" baldin badu. Ostegunean kaleratze gutunak emango dizkiete langileei.

Navantian

Bestalde, Sepik gutun bat bidali die Navantian lanean hasiko diren langileei, nora joan nahi duten esan dezaten, hori baita pribatizazioa eman zenean CCOO eta UGT sindikatuekin adostutakoa. Akordio horren arabera, 150 langile Navantiako lantokietara eramango dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao Bizkaia Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak La Naval