Ekonomia -
Lan-gatazka
Gurasoak mobilizatu egingo dira, itunpeko ikastetxeetako gatazka amaitzea exijitzeko
Otsaila bukaeran eta martxoan manifestazio bana deituko dituzte, patronalari eta sindikatuei negoziazioaren bidetik akordio batera hel daitezela eskatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko itunpeko ikastetxe pribatuetako lan-gatazka amaitzea eskatzeko gurasoen elkarteek mobilizazioak egingo dituztela jakinarazi dute.
Sindikatuek beste hamar greba egun deitu dituzte, martxoa eta maiatza bitartean, lan-hitzarmen berria negoziatzea exijitzeko. Egoera horren harian, gurasoen elkarteek bilera egin dute arratsalde honetan Bilbon.
Beste behin ere kezkatuta agertu dira beren seme-alabek eskola egunak galduko dituztelako. Ildo horretan, Batxilergoko bigarren mailako ikasleek unibertsitatean sartzeko azterketa prestatu behar dutela eta, ondorioz, "etorkizuna jokoan" dutela azpimarratu dute.
Gauzak horrela, otsaila bukaeran eta martxoan manifestazio bana antolatuko dituzte. Mobilizazioak deitzeko baimenak eskatu ondoren jakinaraziko dituzte datak.
Akordioa ahalbidetzeko asmoz, gurasoen elkarteek negoziatzeko muga ekonomikoa zein den "argi eta garbi" esan dezala eskatu dio patronalari; sindikatuei, berriz, beren marra gorriak zehaztu ditzatela galdegin diete.
Halaber, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari lan-gatazka honetan "inplikatu" dadila eskatu diote, arazoa Lan Sailaren esku utzi beharrean.