Ekonomia -

2019ko urtarrileko datuak

1.813 langabe gehiago zeuden urtarrilean Hego Euskal Herrian

120.750 langabe zenbatu dituzte EAEn, eta 33.579, Nafarroan, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak emandako datuen arabera.

Lanbide. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Langabeziak gora egin du EAEn: 1.076 langabe gehiago
Lanbide. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lan zerbitzu publikoen bulegoetan jasotako datuen arabera, langabezia hazi egin da urtarrilean. Hain zuzen ere, abenduan baino 1.076 langabe gehiago zenbatu dituzte; hots, % 0,90eko igoera izan du. Guztira, 120.750 langabe daude EAEn, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak jakinarazi duenez.

2018ko urtarrileko datuekin alderatuta, 7.576 langabe gutxiago zenbatu dituzte. Horrek esan nahi du urtetik urterako tasa % 5,90 jaitsi dela.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, abenduan baino 268 langabe gehiago (% 0,39) daude Bizkaian. Aitzitik, iazko urtarrilean baino 4.933 pertsona gutxiago dira enplegurik gabe daudenak (-% 6,72).

Gipuzkoan, berriz, 548 langabe gehiago zenbatu dituzte (% 1,73), baina 2018ko hilabete berean baino 1.756 langabe gutxiago daude (-% 5,71).

Araban, 260 pertsona gehiago daude lanik gabe (% 1,31). Beraz, 2018ko urtarriletik gaur arte 887 lagunek aurkitu dute lana (-% 4,24).

25 urtez azpikoak dira gaur egun EAEn dauden 120.750 langabeetatik 7.843, abenduan baino 404 gehiago.

Sektoreka, Zerbitzuek izan dute gorakada handiena. Gainerako sektoreetan, langabeziak behera egin du: Eraikuntzan 414 langabe gutxiago zenbatu dituzte, Industrian 606 gutxiago eta Nekazaritzan 43 gutxiago.

737 langabe gehiago, urtarrilean, Nafarroan

Guztira, 737 langabe gehiago zeuden Nafarroan urtarrilean, orotara 33.759 zenbatu baitituzte. Hortaz, urtetik urterako tasa % 8,40 jaitsi da (3.078 langabe gutxiago).

Nekazaritza sektorean, 74 langabe gehiago zeuden iragan hilabetean, eta Zerbitzuetan, 695. Kontrara, 52 pertsona gutxiago zeuden enplegurik gabe Industrian, eta 29 gutxiago, Eraikuntzan.

Langabe horietatik 6.444 atzerritarrak dira, abenduan baino 200 gehiago.

Amaitzeko, langabeen 13.796 gizonezkoak dira eta 19.783 emakumezkoak. Aipatzekoa da, halaber, 2.961 lagun 25 urtetik beherakoak direla. Adin tarte horretan lanik gabe dauden gizonak gehiago dira enplegurik ez duten emakumeak baino.

Azken 15 urteetan langabezia tasaren igoera txikiena izan duen bigarren urtarrila izan da aurtengoa

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikoetako sailburuak nabarmendu duenez, azken 15 urteetan langabezia tasaren igoera txikiena izan duen bigarren urtarrila izan da 2019koa. Horregatik, "enplegu gehiago eta hobea lortze aldera, gizartearen, enpresen eta erakundeen arteko elkarlanaren" aldeko apustua egin du.

Ildo horretan, azpimarratu du azken urteetako datuei erreparatuz gero, urtarrileko langabezia datuak okerragoak izaten direla normalean, 2018an salbu.

"Ez gara horrekin konformatuko, eta elkarlana bultzatzen jarraituko dugu. Urte arteko datuek erakusten dute 7.576 langabe gutxiago daudela aurten, aurreko hilabetetako joerari eutsi dio, horrenbestez", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak