Ekonomia -

'Txaleko horiak

Gutxienez 135 zauritu eta 1.723 atxilotu izan dira 'txaleko horien' protestetan

Horietatik 920 Parisen atxilotu dituzte. 125.000 pertsonak hartu dute parte protestetan Frantziar Estatu osoan.

Istiluak Parisen. Argazkia: EFE
Istiluak Parisen.
Milatik gora 'txaleko hori' atxilotu ditu Poliziak Frantziar estatu osoan

1:15

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Txaleko horien" protestek istiluak utzi dituzte berriro Parisen. Gutxienez 135 zauritu izan dira, gehienak, manifestariak. Agintarien arabera, 10.000 manifestari bildu dira hiriburuan, eta 125.000 Estatu osoan.

Christophe Castaner Barne ministroak esan duenez, Poliziak 1.723 pertsona atxilotu ditu Estatu osoan. Parisen 920 izan dira atxilotutakoak.

Tirabira nagusienak bulebar handietan izan dira. 13:00etatik aurrera, manifestarien taldeek su eman diete inguruko saltokietako materialarekin eta hiri-altzariekin egindako barrikadei.

Istiluen kontrako poliziek presiopeko ura eta gas negar-eragileak erabili dituzte manifestarien aurrean.

Aldi berean, Eliseo Zelaien etorbidean, zenbait “txaleko horik” su eman diete paperontzi eta edukiontziei. Poliziak atxiloketekin erantzun du.

Periferikoan, Pariseko saihesbide azkarrean, dozenaka pertsonak trafikoa moztu dute, Maillot Atearen parean, Kongresuen Jauregitik gertu.

TXALEKO HORIEN PROTESTAK PARIS EFE

Atxiloketak Parisen. Argazkia: EFE.

Istiluak goizetik

Frantziako segurtasun indarrek gutxienez 700 atxiloketa prebentibo egin dituzte larunbat goizean, gaurko Parisen 'txaleko horiek' deitutako protestetan ekintza biolentoak ekiditeko asmoz, Polizia Prefekturak jakitera eman duenez.

Iturri berak azpimarratu duenez, pertsona horiek atxilotu dituzte ekintza biolentoak egingo dituztelakoan edo indarkeria egiteko erabil daitezkeen objektuak zeramatzatelako. Dena dela, argitu dutenez, identifikazioa egin ostean, pertsona guztiak ez dira Poliziaren zaintzapean geratuko.

Atxiloketen ostean, manifestariek Marseillaise ereserkia abestu dute Eliseo Zelaietan kokatutako hesi-poliziaren aurrean, baina hura gainditu gabe.

09:00ak pasata, tentsio-uneak izan dira 'txaleko horien' eta polizien artean Parisko erdigunean, eta gas negar-eragileak bota dituzte Eliseo Zelaietako etorbidean eta aldameneko kaleetan, manifestariak sakabanatzeko.

FRANCIA CHALECOS AMARILLOS PARIS EFE

'Txaleko horiak' Parisen bildu dira berriro larunbat honetan. Argazkia: EFE

Protestak Estatu osoan

Marseillan, mila pertsonak manifestazio baketsua egin dute, Pui-en-Velayn bezala, aurreko astean prefetura erre zuten lekuan.

Nantesen, dozenaka "txaleko hori" kalera irten dira, eta Saint-Nazairen 400 bat pertsona manifestatu dira, Toursen bezala.

Nizan, 500 pertsonak minutuko isilunea egin dute Mediterraneoko Jauregian "hiru asteren ostean manifestazioetan hildako eta zauritutakoen omenez".

Montelimar hegoaldean, "txaleko horiek" Amazon eta Easydisen plafatormen sarrerak blokeatu dituzte. 1.600 pertsona inguru manifestatu dira Narbonan.

Errepideei dagokienez, A6 autobidean barrikadak daude, Villefranche-sur-Saoneren parean, Paris-Lyongo noranzkoan. A10 ere moztuta egon da gauean, Burdeos-Pariseko noranzkoan, paletak erre dituztelako. Eguerdian berriz ireki dute.

Frantziar Estatua eta Italiaren arteko muga ere itxita dago, bi noranzkoetan, Itsas Alpeetan, Ventimigliaren parean. Ordu erdiro altxatzen dute blokeoa. A9a ere moztuta dago Narbonan, Espainiar Estatuko mugan. A7 autobidea ere blokeatuta dago, Valence hegoaldean, eta A28a moztuta dago Le Mansen.

"Txaleko hori" batzuei beisboleko bateak eta petanka bolak atzeman dizkie Poliziak.

'Eskua luzatuta'

Aurreko asteetako protesta biolentoak ekiditeko asmoz, gaurko Parisen prestatu duten segurtasun dispositiboa behatzen ibili da Christophe Castaner Barne ministroa. "Erantzun gogorra eman behar dugu", esan du segurtasun neurriak zuritzeko.

Castanerrek esan duenez, "Gobernuak eskua luzatu du" eztabaidarako, eta urtarrilerako aurreikusita zegoen erregaien prezioen igoera bertan behera utzi duela gogoratu du.

Segurtasun neurri handiak

Guztira, segurtasun indarren 89.000 kide zabaldu ditu gaur Frantziako Gobernuak, horietatik 8.000 Parisen,.

Bestalde, Eiffel Dorrea batu zaio gaur itxita egongo diren Pariseko monumentu, museo eta saltokien zerrendari, segurtasun neurri bezala, "txaleko horien" manifestazio berriaren aurrean.

"Indarkeria handiko" istiluetan bukatu dezakeela uste du Frantziako Gobernuak. Grand Palais eta Petit Palais museoak, Opera eta Eliseo Zelaien inguruko saltoki asko ere itxita egongo dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Paris Frantzia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Emmanuel Macron Polizia abusuen biktimak