Ekonomia -
Langabezia
1.079 langabe gutxiago Hego Euskal Herrian, azaroan
916 langabe gutxiago (% 0,75) zenbatu dituzte azaroan EAEn. Nafarroan, berriz, urrian baino 163 lagun gutxiago (% 0,49) izan dira langabezian azaroan.
AGENTZIAK
Euskal Enplegu Zerbitzuak azaroko langabezia datuak zabaldu berri ditu. Euskal Autonomia Erkidegoan 916 langabe gutxiago zenbatu dituzte joan den hilabetean, urriko datuekin alderatuta. Hala, 121.499 langabe zeuden EAEn azaroan, Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren arabera.
2017ko datuekin parekatuta, 6.794 pertsona gutxiago zeuden langabezian 2018ko hilabete horretan. Beraz, % 5,30 egin du behera.
Datuak lurraldez lurralde ikusita, Bizkaiak izan du beherakada nabarmenena, 538 pertsona gutxiago (% 0,83) zenbatu baitituzte langabezian; 69.566 langabe, guztira. Araban, berriz, 132 lagun gutxiago (% 0,68) zenbatu dituzte langabezian, 19.895 guztira, eta Gipuzkoan, 201 gutxiago (% 0,62), 32.038 langabe zenbatu baitituzte.
Estatuko datuei dagokienez, urrian baino 1.836 langabe gutxiago (% 0,06) zeuden azaroan. Beraz, aurreko bi urteetako joera hautsi da, 2015ean baino 24.841 langabe gehiago zenbatu baitzituzten 2016an, eta 7.255 lagun gehiago baitzeuden lanik gabe 2017an.
Guztira, 3.252.867 pertsona zenbatu dituzte Estatuan lanik gabe, azken bederatzi urteetako zifrarik baxuena.
Nafarroan 163 langabe gutxiago
Nafarroako Enplegu Bulegoen datuen arabera, azaroan % 0,49 egin du behera langabeziak. 33.015 dira, horrenbestez, Nafarroan lanik gabe daudenak.
2017ko datuekin alderatuz gero, 2.206 pertsona gutxiago daude lanik gabe; ondorioz, % 6,26ko beherakada izan du langabeziak.
Epe luzeko langabeen tasak % 8,3ko beherakada izan duela nabarmendu du Jaurlaritzak
Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu du epe luzeko langabeen tasak % 8,3 egin duela behera aurten, eta adierazi du susperraldi ekonomikoa denbora luzez langabezian egon diren pertsonei ere "aukerak" ematen ari dela.
Artolazabalen esanetan, 2018ko azaroan % 21,1ekoa zen langile mugagabeen zenbatekoa, iazkoa baino altuagoa. Horrenbestez, "lan merkatuaren susperraldian alde kuantitatiboa ez ezik, alde kualitatiboa ere hobetzen ari da", gaineratu du.
"Ez gara gelditu behar, gizarte osoaren, enpresen eta erakundeen lana da. Lanpostu finko gehiago lortu behar ditugu, eta kalitatezkoak", azpimarratu du sailburuak.
Gainera, Jaurlaritzako ordezkariak nabarmendutako datuen arabera, azaroan 84.489 lan kontratu hitzartu zituzten, eta horien 7.190 (% 8,51) lan hitzarmen mugagabeak izan dira.