Ekonomia -

Klima Aldaketa

Europak erregai fosilak erabiltzeari utziko dio 2050ean

Bruselak aldaketa klimatikoari aurre egiteko bidaia orria aurkeztu eta energia berriztagarrien eta nuklearraren garrantzia azpimarratu du.

Berotegi efektuko gasak. Argazkia: pexels.com
Tximinia industrialetik irteten diren gas masek, zerua kutsatzen
Berotegi efektuko gasak. Argazkia: pexels.com

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak epe luzerako aldaketa klimatikoaren aurkako estrategia aurkeztu du asteazken honetan. Bidaia orri horren arabera, 2050ean, Europar Batasunak % 80 murriztuko ditu emisio kutsagarriak, eta, Pariseko Akordio Klimatikoarekin bat eginez, karbonoaren erabilera "neutroa" izango duen ekonomia lortuko du.

Nazioarte mailan aldaketa klimatikoaren aurkako eragile nagusia izateaz gain, berotegi efektuko gas emisio neto neutroak lortzeko bidea zein den erakutsi nahi du Bruselak; horretarako, "bidezko trantsizio" sozial eta efizientea proposatzen du Europako Batzordeak.

"Gauden bezala gelditzea ez da aukera", defendatzen du Bruselak prestatutako dokumentuak. Horretarako, aldaketa klimatikoaren aurkako neurriek hiritarrei eta EBko ekonomiari ekarriko dizkien aukerak azaltzen ditu, baita garapen hori lortzeko aurre egin beharko dizkieten erronkak ere.

Gaur aurkeztutako dokumentu hori, 2020an prest egon beharko litzatekeen plan zehatzaren oinarria da, horrela jasotzen baitu Pariseko Itunaren egutegiak.

Pariseko ituna

2030ean emisio kutsagarriak % 40 gutxitzeko konpromisoa hartu zuen Europar Batasunak Pariseko Itunean. Ildo horretan, Bruselak egindako kalkuluen arabera, aldaketa klimatikoaren aurkako araudia indarrean sartzen denean, murrizketa hori % 45ekoa izango da; eta, 2050ean, % 60ra iritsiko dela aurreikusi du. "Hala ere, murrizketa hori ez da nahikoa izango EBk Pariseko Itunaren helburuetan adostutakoa betetzeko", esan du Batzordeak.

Ildo horretan, emisio kutsagarrietatik ihes egiteko energiaren garrantzia azpimarratu du Bruselak; baita, garraio, nekazaritza, eraikinak eta industrian ere aurrerapausoak eman beharko direla dio. Gainera, digitalizazioan, inteligentzia artifizialean eta bioteknologian lortzen diren aurrerapausoek isuri murrizketa "azkartu" dezaketela azaltzen du dokumentuak.

EBn 500 milioi biztanle daude, eta 2050 biztanleria % 30 haztea espero dute; egun, EBko lagunak munduko CO2 emisioen % 10ren eragile dira.

Energia berriztagarriak eta energia nuklearra

Hori horrela, ikatzik gabeko energia lortzeko energia berriztagarriak "ahalik eta gehien bultzatzea" proposatu du Europar Batasunak. 2050ean, iturri berriztagarrietatik elektrizitatearen % 80 baino gehiago etorriko da, eta, beste % 15, energia nuklearretik.

Eraikinek energiaren % 40 kontsumitzen dute, eta beraz, aurrezki energetiko zati garrantzitsu bat hortik etorri beharko da

Halaber, efizientzia energetikoak garrantzi handia izango du berotegi efektuko gas emisioak murrizteko. Ildo horretan, eraikinek energiaren % 40 kontsumitzen dutela, eta beraz, aurrezki energetiko zati garrantzitsu bat hortik etorri beharko dela azaldu du Bruselak.

Bestalde, ikatzaren desagerpena lortzeko "garraiobide guztietan" aldaketak eman beharko dira. Horretarako, bidaiari zein merkantzietako garraioetan aurrerapausoak eman beharko direla azaldu du Bruselak, mugikortasun efiziente eta berritzailea lortzeko.

Halaber, bioekonomiaren onura guztiak erabiltzea erabat garrantzitsu dela esan dute, eta CO2 emisioekin amaitzeko hondakinen absortzioa eta metatzea proposatu dute.

Onura ekonomikoez gain, ikatzaren desagerpenak aire kutsaduraren eraginez hildakoen kopurua ia erdira murriztuko duela jasotzen du dokumentuak. Egun 500.00 lagun hiltzen dira urtero Europan, kutsaduraren ondorioz.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Batasun europarra Brusela Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Ekologia azken ordukoa Kutsadura gaur Larrialdi klimatikoa