Ekonomia -

SESTAO

La Navaleko komiteak langilez 'hustu' nahi dituzten proposamenak baztertu ditu

Enpresa batzordeko idazkariaren esanetan, irtenbide bakarra Espainiako Gobernuak ontziola erostea da. Izan ere, ez du uste Van Oord armadoreak Alexia draga Sestaon amaituko duenik.

La Naval ontziola. ETBren bideo batetik ateratako irudia
La Naval ontziola
La Naval ontziola. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sestaoko La Naval ontziolako enpresa batzordeak balizko inbertitzaileen proposamenak baztertu ditu, Juanjo Llorden komiteko idazkariaren esanetan, ontziola langilez "hustu" nahi dutelako.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburuak atzo La Navaleko langile ordezkariekin egin zuen bileran iragarri zuenez, interesa duten zenbait inbertitzaile badaude, "berme serioak" dituztenak eta hezurmamitu daitezkeenak.

"Askotan esan izan dugu eta hartzekodunen konkurtsoko administratzaileak ere bai: inbertitzaileak langilerik gabeko ontziola nahi du eta, gero, agian bai edo agian ez, langileak hartuko ditu. Langileen % 80, % 50 edo % 20 hartuko ditu, ziurrenera, askoz ere okerragoak izango diren lan-baldintzetan. Ez da hori guk nahi dugun konponbidea", esan du Llorendek RNE irratiari egindako adierazpenetan.

Gauzak horrela, eta La Navalek etorkizuna izan dezan aukera bakarra dela iritzita, ontziola erreskata dezala exijitu dio beste behin Espainiako Gobernuari. Izan ere, ez du uste Van Oord armadoreak Alexia draga Sestaon amaituko duenik. Hala gertatuko balitz, enpresak denbora irabaziko luke.

Azkenean ontziola itxiko balitz, langile finkoen % 88k La Navantia enpresara itzultzeko aukera lukete. Kasu horretan, 150 familiak Ferrolera (600 kilometro) edo Cadizera (1.000 kilometro) erbesteratu beharko lukete. Enpresa batzordearen esanetan, langile guztiak La Navantiaren beste lantegietara joateko prest leudeke.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao bideoak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Eusko Jaurlaritza EAE Espainiako Gobernua albisteak Ekonomia berriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Construcciones Navales del Norte Enpresen albisteak