Ekonomia -

2019KO AURREKONTUAK

Elkarrekin Podemosek 15 puntuko proposamena egin du Aurrekontuak negoziatzeko

Lander Martinez legebiltzarkidearen esanetan, 'ez dira marra gorriak', baina ohartarazi du Elkarrekin Podemosek ez dituela Eusko Jaurlaritzaren kontuak 'apur' batzuen truke babestuko.

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea. Artxiboko argazkia: EFE
Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea
Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrean, Elkarrekin Podemos talde parlamentarioak 15 puntuz osatutako proposamena helarazi dio Eusko Jaurlaritzari, 2019ko Aurrekontuak negoziatzeko. Koalizioaren esanetan, "ez dira marra gorriak". Hala ere, Elkarrekin Podemosek Jaurlaritzari ohartarazi dio ez dituela "apur" batzuen truke kontuak babestuko.

Lander Martinez, Jon Hernandez, Joserra Becerra, Cristina Macazaga eta Tinixara Guanche Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzari helarazi dion negoziazio proposamena aurkezteko. Beste behin ere, "ezkerrera 180 graduko bira egiteko" eskatu dio Elkarrekin Podemosek EAJ-PSE gobernu koalizioari.

Eusko Jaurlaritzak Aurrekontuak oposizioko bi alderdi horiekin negoziatzeko asmoa agertu du publikoki. Izan ere, jeltzaleek eta sozialistek ez dute gehiengorik Eusko Legebiltzarrean. Hala ere, Lander Martinez Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak "zalantzak ditu" Eusko Jaurlaritza proposamen horien gainean hitz egiteko prest egongo den ala ez.

Koalizioak proposatutako 15 neurrien horien artean daude, besteak beste, Sestaoko La Naval ontziolaren erreskate publikoa (Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Espainiako Gobernua), edota langabeziak gehien kolpatu dituen eskualdeetan eta sektore batzuetan (mendeko pertsonen zaintza eta enplegu berdea) azpimarra jarriko duen 150 milioi euroko enplegu plana.

Horrez gain, alokairuko etxebizitzen prezio gorakadari aurre egiteko ekintza plana proposatu du, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzearekin batera (bankuenak edota higiezinenak barne). Jaurlaritzako goi kargudunak % 15 murrizketa ere nahi du, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma proiektu berri bat aurkeztea eta gizarte laguntzetan egindako murrizketak lehengoratzea.

Bestalde, urtea amaitu aurretik berdintasun eta indarkeria matxistaren lege-proiektuak aurkeztea eskatu du. Horrez gain, enpresa handiei Sozietate Zergan egiten zaien deskontua kentzea, EGA maila arte euskara ikastea doakoa izatea eta langile publikoen erosmen ahalmena berreskuratzea galdegin du.

Azkenik, sare publikoko hezkuntza zentroak hobetzeko diru-partida 30 milioi euroan handitzea, segregazioa bultzatzen duten OPUSeko zentroekin hitzarmena ez berritzea edota arrazoi ekonomikoengatik emigratu behar izan zuten herritarren itzulera bultzatzeko 6 milioi euroko plana gauzatzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Jaurlaritza berriak EAE Alderdi politikoak Ekonomia PSE-EE berriak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Podemos Ahal Dugu Euskadi Lander Martinez Hierro Euskadiko Aurrekontuak 2024