Ekonomia -

Osakidetza

Bizkaiko Medikuen Elkargoak LEPeko epaimahaietan 'konfiantza' duela esan du

Gainera, "Administrazio Publikoan lan egin ahal izateko aukeren berdintasuna bermatzeko" eskatu dio Osakidetzari.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzako azken Lan Eskaintza Publikoa osatu duten epaimahaietako medikuengan "konfiantza" duela esan du Bizkaiko Medikuen Elkargoak. Gainera, "Administrazio Publikoan lan egin ahal izateko aukeren berdintasuna bermatzeko" eskatu dio Osakidetzari.

Elkargoak agiri baten bidez jakitera eman duenez, "zalantzan jarri dira epaimahaietako kideen jokabide profesionala".

Bizkaiko Medikuek "argi utzi" nahi izan dute Bizkaiko medikuengan konfiantza osoa dutela, eta, "hortaz, epaimahaietan ibili diren medikuengan ere bai".

Bestalde, Osakidetzak Osasun Zerbitzu Publikoan lan egiten dutenen edo lan egin nahi dutenen "egonkortasuna" bermatzearen alde egindako ahalegina goratu du Bizkaiko Medikuen Elkargoak.

Azkenik, Osasun Sailari "zorroztasunez eta gardentasunez aurrera jarraitzeko" eskatu dio, "ustezko irregulartasunak argitzeko". Bestalde, irregulartasunak izan direla frogatzen bada, "espezialitateen eta kategorien gutxiengo bati eragingo die", Elkargoaren ustez.

Hori dela eta, Bizkaiko Medikuen Elkargoak "Osakidetzaren eta horretan lan egiten dutenen izen ona babesteko" eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Lan Eskaintzak Medikuak