Ekonomia -

Mobilizazioa

Euskadiko pentsiodunek PSOEren zentsura-mozioa babestea eskatu diote EAJri

Sozialisten ekimena ‘aukera’ bat izan daitekeela uste dute, eta gobernu berria egin nahi duen gehiengoarekin bat egitea eskatu diete jeltzaleei.

Pentsiodunen bilkura Bilbon
Pentsiodunen bilkura Bilbon
Euskal pentsiodunek mobilizazioekin jarraituko dute helburua lortu arte

1:00

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko pentsiodunak kalera irten dira astelehen honetan Bilbon, pentsio duinez gain, Mariano Rajoy PPren Gobernuko presidentearen dimisioa eskatzeko. Zentsura-mozioa "aukera bat" izan daitekeela uste dutenez, PSOEren ekimena babestea eskatu diote EAJri.

Eguerdiko 12:00ean egin dute kontzentrazioa Bilboko Udalaren aurrean, eta gaur ere, euripean.

Joan den larunbatean Bilbon egindako manifestazio "ikaragarria" nabarmendu dute gaurko protestan. Bide batez, Udalak emandako parte-hartzaileen datua (14.000 pertsona) "gezur hutsa" dela berretsi dute, antolakuntzaren arabera, 75.000 lagun izan zirela defendatzen dutelako.

Horrenbestez, "min ematea" eta pentsiodunak "desmobilizatzen" saiatzea egotzi diote EAJri. Zentzu horretan, "haien borrokan bakean uztea" aldarrikatu dute. "Rajoyri babesa ematea baino ez badu egingo, alde egin beharko luke, joan dadila Moncloara Rajoyrekin eta utz gaitzala lasai", kritikatu dute.

Halaber, Gürtel kasuaren epaiaren ostean PSOEk jarritako zentsura-mozioak egoera "nahasia" eragin duela azaldu dute, eta gertatu daitekeenaren aurrean "zain" daudela.

Ez dutela "inoren trukerako txanpon" izan nahi azpimarratzeaz gain, haien aldarrikapenak testuinguru berri horren "agendan" sartu behar direla diote. Zentsura-mozioa dela eta hauteskundeak etor litezkeela kontuan izanik, "aukera bat" izan daitekeela esan dute, ez diela kalte egiten.

Hori bai, "zentsura-mozioa eta hauteskundeak egon ala ez egon" pentsiodunen eskaerak onartu behar direla adierazi dute. Hori dela eta, zentsura-mozioan landu beharreko gaia izatea eskatuko diete alderdi politko guztiei.

Donostian 300 bat pertsona bildu dira Alderdi Ederreko lorategian batzarra egiteko. Gipuzkoako pentsiodunak ordezkatzen dituen plataformako bozeramaileak PPri eta EAJri ohartarazi dienez, erretirodunek "borrokan jarraituko dute", gutxienez 1.080 euroko pentsioa lortu eta urtero KPIaren arabera igotzeko.

Halaber, joan den astean pentsiodunen aldarrikapenak biltzen dituen proposamena Donostiako Udalarekin eztabaidatu zutela jakinarazi du. EH Bildu eta Irabaziren babesa jaso arren, PP aurka agertu zen, EAJ abstenitu eta PSOEk puntu guztiak babestu zituen, 1.080 gutxieneko ordainketa izan ezik.

Bileraren ostean, parte-hartzaileek manifestazioa egin dute Donostiako erdiguneko kaleetan. Protesta Boulevarden egindako kontzentrazio batekin amaitu dute.

Gasteizen, 300 pertsonak baino gehiagok egin dute bat Espainia Plazan pentsio "duinak" aldarrikatzeko bilkurarekin.

Ohikoa den moduan, honako lelo hauek oihukatu dituzte manifestariek: "Lapur gutxiago erakundeetan" (Menos ladrones en las instituciones), "1.080 baino gutxiago, ez zaizkit kontuak ateratzen" (Menos de 1.080 no me sale la cuenta), eta "Borroka hau irabaziko dugu" (Esta batalla la vamos a ganar).

Ondoren, kolektiboaren aldarrikapen nagusiak azaldu dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz irakurritako ohar batean: pentsioak KPIaren arabera igotzea, aurrekontu orokorretan bermatuta egotea, gutxieneko soldata hileko 1.200 eurokoa izatea, eta pentsio baxuena 1.080 eurokoa, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Gaurko albisteak Bizkaia Ekonomia Eguneko albisteak Eguneko albisteak Manifestazioak gaur Erretirodunak azken ordukoa