Ekonomia -

Akordio barik

Funtzionarioen soldata % 1,5 igoko du Eusko Jaurlaritzak

Funtzio Publikoaren Mahaiak bilera egin du Gasteizen, baina Exekutiboak eta sindikatuek ez dituzte jarrerak hurbildu.

Sindikatuetako ordezkariek protesta egin dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Argazkia: EFE
Sindikatuetako ordezkariek protesta egin dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Argazkia: EFE
Akordiorik gabe amaitu da Funtzio Publikoaren Mahaiko bilera

1:16

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak bere langileen soldata % 1,5 igoko du datorren urtean. Gainera, soldaten % 0,5 batekin Itzarri pentsioen funtsari ekarpenak egingo dizkio berriro ere. Sindikatuekin adostu gabe hartutako erabakiok datorren asteartean onartuko dituzte.

Funtzio Publikoaren Mahaiak bilera egin du gaur Gasteizen, baina Exekutiboak eta sindikatuek ez dituzte jarrerak hurbildu, Administrazioko 70.000 beharginen lan baldintzei dagokionean.

Bilera amaitu ondoren, akordio falta deitoratu du Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak. Bestalde, soldaten igoerak eta Itzarriren ekarpenek 63 eta 17 milioi euroko kostua, hurrenez hurren, izango dutela iragarri du sailburuordeak.

Horretarako, guztira, 80 milioi bideratuko dituzte 2018ko aurrekontuetan. Gobernu Kontseiluak datorren astean onartuko ditu kontuak.

Soldata igoerari dagokionez, Estatuko aurrekonturik ez izateko eta aurreko ekitaldikoak luzatzeko aukerak “zalantzak” sortzen dituela onartu du Zearretak, baina Espainian aurrekonturik izatea ala ez, “erabakigarria ez” dela ziurtatu du.

Lan eskaintza publikoari buruz, legealdi honetan “gutxienez” 13.500 lanpostu eskainiko dituztela azaldu du sailburuordeak. Hala ere, kopuru zehatza sindikatuekin negoziatuko dutela esan du.

Sindikatuen kritikak Jaurlaritzaren proposamenei

Bestalde, sindikatuek Eusko Jaurlaritzaren proposamenak kritikatu dituzte. Exekutiboaren planteamenduak “adarjotze” bat direla salatu du ELAk. % 1,5eko soldata igoerak “erosteko ahalmenean beste galera” bat suposatzen duela kritikatu du sindikatu abertzaleak. Dagoeneko behargin publikoek % 15eko galera pilatu dutela erantsi du ELAk.

13.500 lanpostuko eskaintza “nahikoa ez” dela uste du Arantza Agotek (UGT). Era berean, % 1,5eko soldata igoerak botere ahalmenaren galera arintzen ez duela ohartarazi du. Langile publikoek % 20ko galera pilatu dutela adierazi du.

Exekutiboaren “negoziatzeko borondate eskasa” salatu du LABek, sindikatuen eskakizunen aurrean “entzungor egin” baitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana berriak Funtzionarioak bideoak Ekonomia albisteak Gaurko azken orduko albistea Soldatak albisteak gaur