Ekonomia -
Administrazio publikoa
Jaurlaritzak 13.500 lanpostuko eskaintzak egingo ditu 2020 urtera arte
Bestalde, 2012ko azken aparteko paga laster ordaintzeko lege-proiektua prestatzen ari dela iragarri du.
EiTB.EUS
Eusko Jaurlaritzak 2018an ekingo dio berriro EPSV edo borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetan ekarpenak egiteari (17 milioi euro bideratuko ditu horretara), eta % 1,5 igoko die soldata langile publikoei. Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak jakinarazi duenez.
Ostiral honetan, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorraren bilera izan da. Bertan, zentral sindikalak daude, Euskal Administrazio Publikoarentzat lanean ari diren 70.000 pertsona ordezkatzen: Administrazio Orokorra (Lakua), Hezkuntza, Osakidetza, Segurtasuna, Justizia Administrazioa, etab.
Lehenengo eta behin, Funtzio Publikoko sailburuordeak sindikatuei jakinarazi dienez, Eusko Jaurlaritzak 2018an ITZARRI borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeari ekarpenak egiteari ekin nahi dio berriro. Orain, Jaurlaritzak negoziazioetara eramango duen proposamena da langileen soldataren % 0,5eko ekarpena egitea urtarrilaren 1etik aurrera. Neurri honek, gutxi gorabehera, 17 milioi euroko inbertsioa dakar. Aurrerantzean, elkarrizketa zentral sindikalekin irekitzea proposatu du Jaurlaritzak, Espainiako oinarrizko araudiaren ondorioz 2012tik debekatuta dauden ekarpen horiei berriz ekiteko xehetasunak ezartze aldera.
Soldata igoera, 2018an
Batzarrean, halaber, 2018an soldata % 1,5 igotzeko proposamena iragarri die Andres Zearretak sindikatuei. Gainera, langile publikoen soldata-igoera Estatuko BPGd-arekin lotzeko Espainiako Gobernuak egin duen proposamenaren aurka dagoela adierazi du. Hori horrela, Funtzio Publikoko sailburuordeak zera salatu du: “Espainiako, Gobernuak inolako justifikaziorik gabe, behartu nahi gaitu gure langile publikoen soldata-igoera Estatuko indize makroekonomikora lotzera, kontuan hartuta aldakorra dela eta ez duela zertan adierazi euskal ekonomiaren benetako bilakaera”.
Aparteko ordainsaria
Halaber, Zearretak iragarri du Eusko Jaurlaritza dagoeneko prestatzen ari dela ordaintzeke dagoen 2012ko azken aparteko pagaren ordainketa 2017ra aurreratzeko lege-proiektua. Neurri horrek 42 milioi euroko aurrekontua izango du. Datorren urtetik aurrera, aparteko ordainsariak ekainean eta abenduan ordainduko dira berriro.
Lan eskaintza publikoa 2020
Azkenik, Funtzio Publikoko sailburuordeak sindikatuei jakinarazi die Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den “2020 Enplegu Plan Estrategikoa”k igo egingo duela oposizioetara deituko duen enplegu publikoen plaza-kopurua, eta 13.500 izango direla. Horrela, datozen 3 urteotan, Eusko Jaurlaritzak lan eskaintza publikoak deituko ditu, enplegua finkatzeko eta egonkortzeko herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzu publiko guztietan. Andres Zearretak zentral sindikalei proposatu die aurrerantzean negoziazio prozesua sektore publiko bakoitzean irekitzea, xehetasunez zehazteko legegintzaldi honetan eskainiko den plaza-kopurua eta plaza-mota. Mahai sektorialetan negoziazioa honako eskaintza-oinarri honetatik abiatzea proposatu du:
- 1.500 plaza Euskadiko Administrazio Orokorrean (Lakua)
- 5.000 plaza Osakidetzan
- 5.000 plaza Hezkuntzan
- 1.600 plaza Segurtasunean
- 400 plaza Justizia Administrazioan