Ekonomia -
EUSTAT-EN DATUAK
% 11ra jaitsi da EAEko langabezia tasa, bigarren hiruhilekoan
Guztira 113.900 pertsona daude lan bila, aurreko hiruhilekoan baino 3.100 gutxiago.
ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 113.900 langabe zeuden erregistratuta 2017ko bigarren hiruhilekoa bukatzean, hau da, aurrekoan baino 3.100 gutxiago (% 0,4ko jaitsiera), Eustatek ostegun honetan jakitera eman dituen datuen arabera.
Generoa kontuan hartuta, 54.400 dira emakume langabeak, hau da, aurrekoan baino 6.900 gutxiago; gizonezkoen kasuan, aldiz, 3.800 langabe gehiago daude, 59.500 guztira.
Lurralde historikoen arabera, langabe kopuruan egon den beherakada handiena Bizkaian izan da (2.300 langabe gutxiago); bertan, langabezia-tasa % 12,2koa da, aurreko hiruhilekoan baino puntu erdi txikiagoa.
Gipuzkoan, 29.700 langabe daude, hots, aurrekoan baino 1.300 gutxiago; langabezia tasak behera egin du puntu erdi, eta % 8,8koa da.
Araban, berriz, langabeziak gora egin du (600 lagun gehiago daude lanik gabe), eta langabezia tasa ere hazi da, hiru hamarren (% 11,6).
Lanean
Bestalde, EAEko lan-merkatuaren gaineko 2017ko bigarren hiruhilekoko datuen arabera, 923.200 dira lana dutenak, 13.800 pertsona okupatu gehiago baitaude, aurreko hiruhilekoan baino % 1,5 gehiago, Eustaten datuen arabera.
Datuak generoaren arabera bereizita, gorakada handiagoa da emakumeen artean (aurreko hiruhilekoan baino 8.800 emakume gehiago daude lanean) gizonen artean baino (5.100 gehiago).
Lurraldez lurralde, hiruretan egin du gora lana dutenen kopuruak. Bizkaian hasi da gehien lana dutenen kopurua da, 7.600 pertsona gehiago baitaude lanean; Gipuzkoa dago sailkapenean ondoren, 5.300 langile gehiago zenbatu baitituzte; eta Araba dago zerrendan azken postuan (1.000 langile gehiago).