Ekonomia -

Finantzen Euskal Kontseilua

Balizko zerga erreforma bat egitea aztertuko dute euskal erakundeek

Diru-bilketan izandako beherakadaren ondotik, Eusko Jaurlaritzak eta hiru diputazioek 'sakoneko' analisi bat abiatzea adostu dute. Hala ere, aldaketak egitekotan adostasun zabalez egingo dituzte.

Finantzen Euskal Kontseilua. Argazkia: EFE
Finantzen Euskal Kontseilua. Argazkia: EFE
Aldundiek espero zutena baino 74 milioi euro gutxiago bildu dituzte

1:42

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek balizko zerga erreforma bati buruzko azterketa sakona abiatzea adostu dute. Dena den, aldaketak egitekotan adostasun zabalez egitea erabaki dute.

Finantzen Euskal Kontseiluak bilera egin du gaur goizean 2016ko diru-bilketan izandako beherakada aztertzeko. Aipaturiko kontseiluak Eusko Jaurlaritza, hiru Foru Diputazioak eta Eudel biltzen ditu. 2016an 12.950,7 milioi euro bildu zituzten zerga bidez hiru aldundiek, urrian aurreikusi baino 74,3 milioi euro gutxiago.

Gaurko bileran, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak "zerga presioa handitzeko" egindako proposamena aztertu dute. Azpiazuren esanetan, gai horretan zeresana duten erakunde guztiek parte hartu behar dute eztabaidan, bai eskumena dutenek, bai arauak egiteko ardura dutenek eta baita beren baliabideak erabaki horien araberakoak direnek ere. "Argi izan behar dugu gai honetan Batzar Nagusiek egiten dituztela legeak", adierazi du.

Pedro Azpiazuren hitzetan, 2014ko zerga erreformaren inguruko azterketa egindakoan fiskalitateari buruzko analisia egin beharko da, "patxadaz". Gaineratu duenez, balizko erreforma hori adostasun "zabalarekin" onartu beharko litzateke. Are gehiago, alor horretan egin beharreko aldaketa orok guztien oniritzia beharko lukeela uste du. "Erreformak bi helburu uztartu behar ditu: zerbitzu publikoen jasangarritasuna bermatzea eta garapen ekonomikoa bultzatzea", azpimarratu du.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak adierazi duenez, fiskalitateari buruzko erreforma "bere osotasunean" egin behar da, Sozietateen gaineko Zergari bakarrik erreparatu gabe. "Zerga erreformaren analisian murgilduta gaude", nabarmendu du.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, berriz, aldian aldiko egoera politikoari erreparatu gabe zerga politiko egonkorra izatea defendatu du. Ildo horretan, gaur egun indarrean dagoen zerga sistemaren emaitzak aztertu ondoren "balizko erreforma" bat egitearen alde agertu da. Are gehiago, lurraldeen arteko harmonizazioa defendatu du, beti ere "adostasun zabalak" bilatuz.

Bestalde, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak azpimarratu du beharrezkoa dela gaur egungo lege markoa eta kudeaketa esparrua aztertzea. Ebaluazio horren baitan, 2014ko zerga erreformaz gain Ekarpen Legea ere aztertu behar dela uste du. "Ikuspegi integrala izan behar du eta erakunde guztiok gai izan behar dugu denen nahiak asebeteko dituen akordioa lortzeko", esan du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Ekonomia albisteak Gaurko azken orduko albistea Bizkaiko Foru Aldundia azken orduko albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak Arabako Foru Aldundia albisteak EUDEL gaur