Ekonomia -

Sestao

ACBko langileek onartu egin dute enpresaren irekiera plana

143 boto alde eta 127 aurka izan dira. Ondorioz, hilabetean asteburu batzuk irekiko dute lantegia, langileen erdiarekin.

Sestaoko ACBko langileen protesta. Artxiboko argazkia: EiTB
Sestaoko ACBko langileen protesta. Artxiboko argazkia: EiTB
Langileek baiezkoa eman diote Arcelorreko zuzendaritzaren proposamenari

1:12

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sestaoko (Bizkaia) ACB konpainiako langileek onartu egin dute lantegia uztailetik irekitzeko zuzendaritzak proposatutako plana. Orotara, 143 pertsonak alde bozkatu dute, eta 127k, aurka. Gainera, 12 abstentzio izan dira.

Hori horrela, lantegia hilabetean asteburu batzuk irekiko dute, eta langileen erdiak kalera botako dituzte. Hilabetean 12.000 tonako ekoizpena egingo dute.

Langileek asanblea egin dute gaur, zuzendaritzaren proposamenari buruz eztabaidatzeko, Arcelorrek sindikatuen plana errefusatu eta gero. Hain zuzen ere, inor kaleratu gabe hilabetean 75.000-85.000 tonako ekoizpena egitea proposatu zuten langileen ordezkariek.

Asanblea egin ondoren, ACBko langileek eta zuzendariek bozketa egin dute 12:00etatik 17:00etara. 346 langiletik, 282k eman dute botoa.

CCOO eta UGT sindikatuak proposamenaren aurka agertu dira, baina boto askatasuna eman zieten afiliatuei. ELAk eta LABek, berriz, proposamena errefusatzea eta borrokan jarraitzea defendatzen zuten.

Enpresa batzordetik (CCOOk eta UGTk dute gehiengoa) azaldu dutenez, bozketan ArcelorMitallen planarekin "hastea" onartu dute, ondoren hura "hobetzen saiatzeko", batik bat "12 orduko lanegunen kontua".

Bestalde, LABek aurreratu du aztertu egingo duela hemendik aurrera nola jokatu, sindikatu batasuna hautsitzat jo baitu, CCOOk eta UGTk plana bozkatzea ahalbidetu ondoren.

Halaber, zentral abertzalearen esanetan, lan ituneko langileek ("ondorioak pairatuko dituztenak") gehiengo zabalez bozkatu dute planaren aurka. Zuzendari guztiek ere bozkatu izana kritikatu du.

CCOOk lantegiaren jarduera eta enplegua 2020 urtea arte "bermatzea" eskatu dio zuzendaritzari.

Sindikatuak ohartarazi du ez duela "presio neurririk" baztertzen, 12 orduko lanegunen aurka eta enplegua "berreskuratzeko".

Jaurlaritzaren "errespetua"

Eusko Jaurlaritzak "errespetua" agertu du langileen erabakiaren aurrean, "nola ez", Ekonomiaren Garapenerako Sailetik jakinarazi dutenez.

Arantza Tapia sailburuak adierazpenak egingo ditu asteazken honetan.

Zuzendaritzaren oharra

Bozketaren emaitzaren berri izan eta gero, ArcelorMittaleko zuzendaritzak esan du orain Eusko Jaurlaritzarekin akordioa sinatzea espero duela, lantegia uztailaren erdialdean irekitzeko.

Horren esanetan, lantegia asteburuetan baino ez dute irekiko, energia elektrikoaren kostua "optimizatzeko".

Halaber, zuzendaritzaren ustez, onartutako planean aurreikusten diren kaleratzeak "beharrezkoak" dira, lantegiak galera gehiagorik ez izateko.

Aldundiak inbertsioak eskatu dizkio Arcelorri

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak esan du errespetatu egiten duela ACBko langileen erabakia, baina lantegia balio erantsi handiko produktuak ekoizteko bideratzea eskatu du.

Ohar batean, erakundeak "mantendu" egin du Sestaoko lantegirako plan industrial baten alde, haren "etorkizuna eta bideragarritasuna" bermatzeko. Horregatik, "inbertsio konpromiso zehatzak" aurkezteko deia egin dio ArcelorMittali, gutxienez ekoizpen linea oso bat ireki ahal izateko.

"ACB Ezkerraldearen eta Bizkaiaren motorra izateko plan bat beharrezkoa da", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao Gaurko albisteak Bizkaia EAE albisteak Lana Lan gatazkak albisteak gaur Metalgintza albisteak Ekonomia albisteak Gaurko azken ordukoa Prentsa digitalaren azken orduko