Ekonomia -
Abuztua arteko datuak
Diru-bilketa jaitsi egin da Bizkaian, baina igo Araban eta Gipuzkoan
Nolanahi ere, urtea "zenbaki positibotan" bukatzea espero du foru erakundeak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-bilketa % 3 jaitsi da abuztua arte, baina urtea "zenbaki positibotan" bukatzea espero du.
Hain zuzen ere, Bizkaiko Ogasunak 4.119,2 milioi euro bildu ditu urteko lehen zortzi hilabeteetan. Iazko epe berean, 4.248 milioi jaso zituen.
Elena Unzueta Aldundiko bozeramaileak azaldu duenez, jaitsiera hori “hiru ezustekoren ondorio” izan da: atzerapena izan da Elkarteen gaineko Zergaren itzultzean; Estatuari 73 milioi euro eman behar izan dizkiote lurraldean bizi ez diren Pertsona Fisikoen gaineko Errenta dela eta; eta Ogasun Ministerioak 134 milioi euro atxiki ditu, Kupoaren negoziazioan dauden desadostasunak direla eta.
Hala ere, Aldundiak uste du urtea “zenbaki positibotan” bukatuko dutela.
Arabak eta Gipuzkoak aurreikuspenak bete dituzte
Bestalde, Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiko bozeramailearen esanetan, diru-bilketari dagokionez, aurreikuspenak “betetzen” ari dira.
Horren ildotik, abuztua arte bilketa % 6 igo dela zehaztu du. “Horrenbestez, aspaldi ezarritako kopuruak eta portzentajeak betetzen ari dira”, gaineratu du.
Lasaren esanetan, ikusi beharko dira Arabaren eta Bizkaiaren emaitzak, “baina egoera ona da Gipuzkoan”.
Azkenik, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak esan du aurreikuspenak betetzea “espero” duela.
Gonzalezek aitortu egin du Bizkaiko zenbakiak “kezkagarriak” direla, baina ukatu egin du horrek Araban eraginik izatea.
Zergen bilketa % 10,1 hazi da Araban abuztua arte, hau da, urte amaierarako aurreikuspenak 3 puntu hobetu dira.