Ekonomia -

Eusko Jaurlaritza

Funtzionarioei lanaldia edo soldata murrizteko aukera ezabatu dute

Jaurlaritzak ehunka ekarpen egin dizkio Euskal Enplegu Publikoaren Legearen aurreproiektuari, “gizartearen eta sindikatuen adostasuna” lortzeko xedearekin.

Josu Erkoreka, Ana Oregi eta Estefanía Beltrán de Heredia. Eusko Jaurlaritza.
Josu Erkoreka, Ana Oregi eta Estefanía Beltrán de Heredia. Eusko Jaurlaritza.
Langile publikoei lanaldia edo soldata murrizteko aukera ezabatu dute

1:33

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko langile publikoei lanaldia edo soldata murriztea ahalbideratzen duten antolamendu-planak egiteko salbuespenezko aukera kentzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, baita “aurrekontu- edo ekonomia egoera oso larria denean ere”.

Hala azaldu du gaur Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Bozeramaileak, Gobernu bileraren ondorengo agerraldian. Gobernuak ehunka ekarpen egin dizkio Euskal Enplegu Publikoaren Legearen aurreproiektuari, “gizartearen eta sindikatuen adostasuna” lortzeko xedearekin.

Erkorekak azaldu duenez, herri-administrazioetan lan egiten duten 3.120 erakunde, entitate, sindikatu eta pertsonak aurkeztu dituzte alegazioak.

Goizeko 11:30etik egiten ari dira Lakuan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Mahai Orokorraren bilera, agiri berria sindikatu guztiekin negoziatzeko. Ekarpen gehiago egiteko aukera izango dute sindikatuek, halaber.

Aurkeztutako berritasunen artean, eta “negoziatzeko borondatearen froga garbi modura”, lanaldia edo lansaria murriztea dakarten enplegu publikoaren antolamendu-planak egiteko salbuespenezko aukera kentzea erabaki du Jaurlaritzak, “baita aurrekontu- edo ekonomia-egoera oso larria denean ere”.

Bestalde, enplegua “kontsolidatzeko” LEPak egiteko aukera ere jaso du Jaurlaritzak bere proposamenean. Proposamen horren bitartez, kolektibo jakin batzuen “bitartekotasuna” murriztu nahi du herri-administrazioetan jada lan egiten duten profesionalentzat hautaketa-prozesuak eginez; !horri esker administrazioen beraien barruan emandako lan- eta prestakuntza-urteetan lortutako jakintza gehitu ahal izango litzateke!, halaber.

Euskal Enplegu Publikoaren Behatokia sortzeko konpromisoa ere hartu du Jaurlaritzak; kide anitzeko organo horretan, orobat, euskal erakundeen hiru mailek, sindikatu guztiek eta EHUk parte hartuko lukete enplegu publikoaren arloko politikak eta jarduerak aztertzeko.

Erantsitako beste proposamen bat, halaber, talde eta azpitalde batzuen sarbidea malgutzeko sindikatuek egindako aldarrikapenarekin dago lotuta; horrenbestez, legea onartzen denetik aurrera, Administrazio Orokorraren “funtzionarioen lan-baldintzetan hobekuntzak egon ahal izango dira”. Hala, adibidez, Administrazio Orokorrean «B sailkapen-taldea» handituko da goi-mailako titulu teknikoa duten pertsonak gehituz; horri esker, gaur egun «C1 sailkapen-taldea»n daudenek aukera izango dute lanbide-kategoriaz igotzeko.

Horrez gain, Euskal Enplegu Publikoaren Lege Aurreproiektuak lehen aldikoz zabaldu die langile publiko guztiei (lan-itunpekoei zein funtzionarioei) karrera profesionala egiteko aukera, hartara beren jardun profesionalak hala merezi izanez gero, aintzatespen profesionala jaso ahal izan dezaten. Lanbide-garapeneko graduen sistemak ezarriko dira lansari-baldintzak igotzeko eta hobetzeko, lanpostua aldatzeko beharrik gabe.

Baina, gainera, testuak Lanbide Publikoko Zuzendaritza ere sortzen du, administrazioetan lan egiten dutenek, prozedura publiko baten bidez eta merezimenduak eta gaitasunak baloratuz, zuzendaritza-mailako postuak bete ahal izan ditzaten.

Etorkizuneko Euskal Enplegu Publikoaren Legeak euskal administrazio publikoen zerbitzura lan egiten duten 110.000 pertsonei eragiten die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza EAE Funtzionarioak argazkiak Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Lansariak