Ekonomia -

Ontzi-sektorea

La Navaleko langileek konpromiso gutxi ikusten dute zuzendaritzan

Ontziolak ez du itsasontzirik eraikitzeko kontraturik, zuzendaritzaren aldetik, enpresa batzordearen ustez, ez dagoelako "kudeaketa onik", ezta "benetako konpromisorik" ere.

La Navaleko langileen protesta. Argazkia: EFE
La Navaleko langileen protesta. Argazkia: EFE
La Navaleko langileen protesta. Argazkia: EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

La Navaleko enpresa batzordearen esanetan, ontziolak ez du itsasontzirik eraikitzeko kontraturik, zuzendaritzaren aldetik ez dagoelako "kudeaketa onik", ezta "benetako konpromisorik" ere.

Sestaoko La Navaleko langileak ontziolaren sarreran bildu dira "La Naval Solución. Carga de trabajo ya" lelopean. Horiekin batera, Barakaldoko alkatea (Alfonso Garcia), Portugaletekoa (Mikel Torres), Sestaokoa (Josu Bergara) eta Santurtzikoa (Ricardo Ituarte) izan dira.

Enpresa batzordeko presidenteak, Jose Pedro Gonzalezek, bertan irakurri duen agiriaren arabera, ez dago arrazoirik ontziolak "itsasontzirik ez kontratatzeko", eta, eskaririk egon ezean, martxotik aurrera ez da lanik egongo.

"Enpresak ez du ondo kudeatu, eta konpainiaren jabeek ez dute benetako konpromisorik: horregatik ez dugu itsasontzirik egiteko kontraturik", esan dute enpresa batzordeko kideek.

Kontzentrazioa egin aurretik, sindikatuak enpresako zuzendaritzaren ordezkariekin bildu dira, eta "kontraturen bat lortzeko oso hurbil" daudela esan diete. Enpresaren ustez, arazoa da ez dela oraindik 'tax lease' auzi zaharra itxi, eta, horren ondorioz, "inbertitzaileak ez dira hona etortzen ausartzen".

Gonzalezek gogorarazi duenez, enplegu-erregulazioko espediente batean murgilduta daude 2010etik, eta La Navalen "etorkizunaren alde" mobilizatzen jarraituko dutela nabarmendu du. Etorkizuna bermatzeko aukera bakarra "lan-karga gehiago" lortzea da, langileen hitzetan.

La Navaleko langileek Ezkerraldeko alkateen babesa eskertu dute, eta enpresa batzordeko presidenteak alderdiekin biltzeko asmoa duela jakinarazi du. Hilaren 26an manifestazioa egingo dute ontziolatik Santurtzira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Sestao argazkiak Bizkaia EAE Lana berriak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak La Naval Lan gatazkak Industria albisteak