Ekonomia -
Langileen batzordea
Mobilizazioak iragarri dituzte La Navaleko langileek, lan faltagatik
La Navaleko langileen batzordeak ohartarazi duenez, ontziola lan-kargarik gabe geratuko da martxoan, eta, horrenbestez, "ixteko arrisku handia" dago.
Erredakzioa
La Naval Sestaoko ontziolako langileen batzordeak ohartarazi duenez, ontziola lan-kargarik gabe geratuko da martxoan, eta, horrenbestez, "ixteko arrisku handia" dago.
Langileen batzordeak ohar baten bidez zabaldutakoaren arabera, hiru urte bete direla Sestaoko enpresari ontzi bat egitea eskatu ziotenetik. "La Naval ez da kontratazio berririk lortzeko gai izan, eta horrek hainbat erregulazio espediente ekarri ditu azken lau urteetan".
"Une honetan, zortzigarren erregulazio espedientean gaude, eta eskaera zorroa hutsik dago", gogoratu dute.
Egoera horren aurrean, langileek mobilizazio egutegi bat onartu dute. Atzotik, akziodunei eta jabeei lan-karga ekar dezaten eskatzen ari dira langileak ontziola barruan. Datorren astean, elkarretaratzea egingo dute Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Otsailaren 4an, berriz, agerraldia egingo dute hedabideen aurrean, Ezkerraldeko lau alkateekin batera.