Ekonomia -
Erabakia
Konstituzionalari men egin eta Jaurlaritzak ez du ordainsaria emango
Hala, Eusko Jaurlaritzako 67.000 funtzionarioek ez dute ordainsaria jasoko. Edonola ere, helegitea jarriko du Jaurlaritzak.
Erredakzioa
Jarduneko Eusko Jaurlaritzak men egingo dio Auzitegi Konstituzionalak Gabonetako ordainsariaren inguruan hartutako erabakiari, eta, hala, Eusko Jaurlaritzaren esku dauden 67.000 funtzionarioek ez dute aparteko soldata jasoko, Jaurlaritzako iturriek jakitera eman dutenez.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du astearte honetan Eusko Jaurlaritzak Gabonetako ordainsaria ordaintzeko emandako agindua.
Auzitegi Konstituzionalaren erabakia aztertu ostean, men egitea erabaki du Jaurlaritzak “sistema demokratikoari eta epaitegietako erabakiei zor diegun errespetuagatik”. Jarduneko Jaurlaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, jakinarazpen judiziala jasotzen duenean hartuko ditu Konstituzionalaren erabakia betetzeko neurriak.
Halaber, Jaurlaritzak argi utzi du Konstituzionalak hartutako erabakiarekin ados ez dagoela, eta, beraz, helegitea jarriko duela. ''Erantzukizun eta koherentzia osoz'' jardun duela eta ''eskumenakdefendatu'' dituela azpimarratu du Jaurlaritzak, eta, ildo horretan,plazaratutako ''argudio politiko eta juridikoen sendotasuna'' defendatu du. Hala,datozen hilabeteotan Konstituzionalak ordainketaren alde egingo duela uste du.
KONSTITUZIONALAK GELDIARAZI EGIN DU GABONETAKO ORDAINSARIA
Auzitegi Konstituzionalak onartu egin du Espainiako Gobernuak EAEko funtzionarioen Gabonetako ordainsaria ordaintzeko erabakiaren aurka aurkeztutako helegitea aztertzea, eta, horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak ordainsaria ordaintzeko emandako agindua bertan behera geratu da.
2.500 FUNTZIONARIOK ORDAINSARIA JASO DUTE, AKATS BAT MEDIO
Eusko Jaurlaritzaren esku dauden 67.000 langile publikoetako 2.500 inguruk astearte honetan bertan kobratu dute Gabonetako aparteko soldata, ''banketxeek gaizki ulertu zutelako'' ordainketaren agindua.
Eusko Jaurlaritzako iturriek jakitera eman dutenez, Patxi Lopez lehendakariak astelehenean eman zuen aginduaren arabera, Gabonetako aparteko soldataren ordainketa abenduaren 19an egin behar zen, eta hurrengo egunerako egon behar zuen funtzionarioen kontuetan, urtero legez.
Baina Ipar Kutxak eta BBVAk hanka sartu omen dute eta gaur ordaindu dituzte abenduko soldata eta aparteko ordainsaria, "aipatu agindua gaizki ulertu" zutelako. Jaurlaritzaren arabera, 2.500-2.600 funtzionariok jaso dute ordainketa.
ORDAINDUTAKOA KONTUETATIK KENDU ETA AKATSA UKATU DUTE
Ordu batzuk geroago, bi finantza erakundeak hasi egin dira langileei ordaindutakoa kontuetatik kentzen. Sindikatuek ere baieztatu egin dute ordainsariaren ordainketa kentzen hasi direla.
Halaber, bi erakundeek argitu egin dute ordainketa egin izana ez dela euren akatsa izan.
ERREAKZIOAK
Jarduneko Eusko Jaurlaritzak ''bere kalkulu politikoen alde'' ordainsariaren gaiarekin egin duen ''manipulazioa'' salatu du ELA sindikatuak. Jaurlaritzak berau ordaintzeko asmorik inoiz izan ez duela uste du sindikatuak.
LABen hitzetan, ordainketa bertan behera uztea''injerentzia'' da, eta arlo publikoa arautu eta kudeatzeko Euskadiksubiranotasuna izatea eskatu du.
CCOO, UGT, USO, ERNE, SATSE, SME, CSI-F, SAE, UTESE eta EUSPEL sindikatuek, bestalde, elkarretaratzeak deitu dituzte asteazken honetarako, Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakiaren aurrean protesta egiteko. Administrazio publikoen eta enpresa publikoen aurrean egingo dituzte protestak.
EH Bildu ere Konstituzionalaren erabakiaren kontra agertu da, eta erabaki horrek ''Euskal Herriak erabateko subiranotasuna lortzeko urgentzia'' agerian uzten duela adierazi du.
URKULLUK EKAINEKO ORDAINSARIA AURRERATUKO DU
Bestalde, EAJren iturriek adierazi dutenez, Iñigo Urkulluk gidatuko duen datorren Jaurlaritza 2013ko aparteko ordainsariak aurreratzen saiatuko da. Horrela, jeltzaleek beste erakunde batzuek (Bizkaiko Foru Aldundiak eta Udalek) aukeratu duten formula bera hautatuko dute. Hala ere, hori egin ahal izateko, kaltetutako 67.000 funtzionarioek ordainketa aurreratzea eskatu beharko dute, borondatezko aukera izan behar baitu.