15:39

Musika

KONTZERTUA

Euskal herrietako jaiei gorazarre eginez ospatu du ETSk 20. urteurrena, atseden hartu aurretik

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

45.000 lagun bildu ditu hiru egunez En tol Sarmiento talde arabarrak BECen, taldearen 20 urteotako ibilbidean ereserki bihurtu dituen abestiez gozatzeko. Larunbateko kontzertua 336.000 ikus-entzulek jarraitu dute, gainera, ETB2n.

0:44
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Larunbatean eman du ETS taldeak BECen 2025eko martxoko ospakizunetarako antolatutako hirugarren kontzertua. 15.000 lagun bildu zituen martxoaren 15ean, beste hainbeste 21ean, eta 15.000 zaleren aurrean gozatuz eta gozaraziz eman dio amaiera 20. urteurreneko ospakizunari, atseden tarte bat hartu eta 2026ko erronkei ekin aurretik.

Herrietako jaietan hasi zuten Iñigo Etxezarretak eta taldekideek euren musika ibilbidea duela 20 urte, eta jai herrikoiak eta horien espiritua izan dira ospakizunaren ardatza. Kontzertuaren aurretik, egun osoko jaia izan da BECen: txarangak, buruhandiak, aizkolariak, Puro Relajo taldearen emanaldia…

Eta 18:30ean, ate irekiera orokorra, gero etorri den kontzerturako giroa berotzeko ardura izan duten artista bikainekin. Andoni Ollokiegik egin die harrera musikazaleei, euskal hitak bata bestearen atzetik atsedenik gabe uztartuz, eta Gozategik ondoren, BECeko pistan ez ezik, harmailetako pasilloetan ere kalejira erraldoiak sorraraziz. Giro horretan abiatu da ETSren kontzertua Bizkaia Arenan.

Jaietako zapia sinbolo gisa

Zapi urdinak banatu dituzte sarreran, eta, jaietan bezala, zapiak eskuetan, 'pregoiarekin' eta BECeko zerua zeharkatu duen txupinazoarekin lehertu da jaia. Txaranga musikarekin hasi da herriari eskainitako jaia. ETSren hiru abesti eskaini ostean, Ekorako dantzarien txanda izan da oholtzan, han ernatu baitzen taldea duela 20 urte.

Arabarrek euren burua aldarrikatzeko unea iritsi da orduan: Dupla, Joselu Anayak eta ETS elkarrekin, Iñaki Betagarri... Araba ere euskararen lurraldea dela argi islatu dute, eta Arabari eskaini dio Jon Maiak bere lehen bertsoa, BECeko grada batetik kantari, honela amaitzeko: "...gure esperantzaren lurraldea zara". Maddalen Arzallus bertsolari eta ETBko aurkezleak erantzun dio beste gradatik: "ETSren Araba, Nafarro hegoa, Baxenafarra, Lapurdi eta Zuberoa, nork esan du euskara ez dela hemengoa, Barakaldotik gure oihua hemen doa, laster berriz izango gara gehiengoa".

Jai giroan, herria aldarrikatuz, aurrera egin du emanaldiak. Etengabeak izan dira euskarari eta herriari erreferentziak, eta jaietako ikur diren zapiak aldatuz joan da Etxezarreta bera ere: urdina, gorria, arrantzale zapia, etab.

Ahotsa galdu arte abestu dute ETS taldearen zaleek BECen, txalo artean hartuz oholtzatik igaro diren gonbidatuak, Pello Reparaz Zetak edota Süne, lehen Huntza, tartean. Itzulera eta Aldapan gora abestiek zoramena eragin dute Bizkaia Arenan.

Emozioak pil-pilean izan dira, musika dantzagarri eta elektronikotik abesti intimistetaraino igaro direnean. Lagun eta anaia zenduei abesti bana eskaini die Etxezarretak, baita amonari ere, hunkituta, "Abuela maitea" abestiarekin. Begiak malkotan oholtzan zein pistan.

Bi ordu eta erdi inguruko ikuskizunaren ondotik, 2026rako bere buruari jarri dion erronka gogoratu du ETS taldeak, 2026ko apirilaren 25ean Madrilgo Movistar Arena betetzea, jai herrikoien aldarrikapen erraldoi batekin. Gure mugetatik harago, "historia egin" nahi dutela esan dute, "garena ospatzeko bidaia kolektibo batekin". Bihotzen konkista jarri diote izenburu ikuskizunari, eta "kontzertu bat baino askoz gehiago" izango dela iragarri. Hala, Madril betetzen laguntzeko deia egin die Etxezarretak zaleei.

Kontzertu hauek izan duten arrakasta ikusita, 45.000 lagun hiru egunetan BECen, 336.000 ikusle larunbatean ETB2n eta 8.000 eitb.eus eta plataformen bidez, erronka betetzeko zutarria jarria dute. Kontuan izan behar da, gainera, ETS dela Spotify aplikazioan gehien entzuten den euskal taldeetako bat.

Madrilgo hitzordura bitartean, EITB Nahieranen da ikusgai ETS-REN KONTZERTU OSOA:

ETS zuzenean
ETS zuzenean (ETS zuzenean)2:25:21 min.

Iruzkinak

    • Bisitatuena

      1
       
      kargatzen