Musika
Koronabirusa
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak erdira murriztu du edukiera gune handietan eta antolatzaileek bertan behera utzi dituzte asteazken honetan Anoetako belodromoan, Euskalduna Jauregia eta Principal Antzokian iragarrita zeuden ekitaldiak.
La Pollaren kontzertu bat. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Gaurtik Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden murrizketa neurriak eta edukiera mugak tarteko, egunotarako iragarrita zeuden kultur ekitaldietako asko bertan behera gelditu dira. Esate baterako, ez dira egingo La Polla Recordsek Donostiako Belodromoan eta Jose Luis Peralesek Bilboko Euskaldunan gaur ematekoak zituzten emanaldiak eta Mayumana konpainiak gaur eta bihar Gasteizko Principal Antzokian eskaini behar zituen ikuskizunak.
Last Tour enpresa sustatzaileak atzo iragarri zuen bertan behera utzi zuela La Polla Recordsek gaur Donostiako Anoeta belodromoan eskaini behar zuen kontzertua, Eusko Jaurlaritzak pandemiari aurre egiteko ezarri dituen neurri murriztaile berrien ondorioz.
Besteak beste, 5.000 pertsona baino gehiago bildu daitezkeen gune itxietan edukiera % 50era murriztea erabaki du Eusko Jaurlaritzak eta neurri horrek Anoetako belodromoan egin behar zen emanaldiari eragiten dio.
Hasierako planaren arabera, kontzertu hori irailaren 26an eta hipodromoan antolatu behar zuten, baina covid-19aren ondorioz hainbat aldiz atzeratu zuten eta lekuz aldatzea erabaki zuten.
"Oraingoan, baina, ezin dugu kontzertua gehiago atzeratu, La Pollak ez baitu gehiago joko 2022tik aurrera. Horregatik, eta edukiera baldintzak betetzeko edozein aukera diskriminatzailea izango litzatekeela ikusita, kontzertua bertan behera uztea beste aukerarik ez dugu", adierazi du Last Tourrek ohar batean.
Antolatzaileek esker ona adierazi diete zaleei denbora luzean zain egoteagatik eta zehaztu dute sarreren dirua automatikoki itzuliko zaiela 60 eguneko epean.
La Pollak Gasteizen eman zuen azken kontzertuan polemika piztu zen, txertoen kontrako talde bati agertokira igotzea utzi ziotelako.
Jose Luis Peralesen Bilboko kontzertua ere, bertan behera
Jose Luis Peralesen kontzertua Madrilen. Argazkia: EFE
Jose Luis Perales abeslariak gaur arratsaldean Bilboko Euskalduna Jauregian eskaintzekoa zuen kontzertua ere bertan behera gelditu da, Eusko Jaurlaritzak ezarritako edukiera mugak tarteko.
Euskalduna Jauregiak berri eman duenez, oraindik ez dute kontzertua egin ahal izateko datarik finkatu.
Hasiera batean, Jose Luis Peralesen kontzertuak irailerako programatu ziren, baina abendura atzeratu ziren orduan aurreikusitako edukieretan egitea ezinezkoa zelako.
Jose Luis Peralesek lehen emanaldia eskaini zuen astelehenean Bilbon, "Baladas para una Despedida" biraren baitan.
Bertan behera geratu dira Mayumanaren Principal Antzokiko emanaldiak
Eusko Jaurlaritzak covid-19ari aurre egiteko ezarritako edukiera muga berriak tarteko, bertan behera geratu dira Mayumana konpainiak gaur eta bihar Gasteizko Principal Antzokian eskaintzekoak zituen hiru emanaldiak.
Konpainiak eta Udalak azaldu dutenez, antzokiaren edukiera % 60ra egokitzeko denborarik eduki ez dutenez erabaki hori hartu behar izan dute.
Urtarrilaren 12tik aurrera itzuliko dute sarreren dirua, txartela erosteko baliatu den kanal beraren bitartez.
Udalaren Antzoki Sarea lanean ari da ikuskizuna aurrerago egin ahal izateko.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa