Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka 2020 |EITB Durangoko Azoka
Durangoko Azoka
LEHEN BALORAZIOA
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
265 ekitaldi izan dira Azokak iraun duen bost egunetan, eta beteta egon dira gehienak. Astelehenetik aurrera, "Zu non, han DA!" ekimena egingo da Euskal Herriko 88 liburu dendatan.
Gustura daude Durangoko Azokako antolatzaileak. Jendetza hurbildu da Landakora abenduaren 6an ateak ireki zituenetik, eta aho zapore onarekin eman diote amaiera, bost egun geroago, aurtengo edizioari.
Kulturzaleen parte-hartzea nabarmentzekoa izan dela adierazi dute Gerediaga Elkartetik, eta ez Landakon bakarrik, baita azokaren inguru guztietan ere.
Talaia, Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara eta Szenatokia guneek harrera bikaina izan dute, eta bertan egin diren 265 ekitaldietatik gehienak beteta egon dira.
Antolatzaileak oraindik datuak zenbatzen hasi ez bada ere, gazteen presentzia azpimarratu nahi izan dute aurtengo edizioaren balorazioa egiteko orduan. "Azoka gaztea" izan da, komunikabideetara bidalitako oharrean nabarmendu dutenez: "Aurkezpenak jarraitzen eta erakusmahaietan kuxkuxeatzen ikusi ditugu egunero, eta zer esanik ez abenduaren 8ko jardunaldian, eurei eskainitako Gazte Eztanda egunean".
Gerediaga Elkarteak berretsi du "euskararen eta euskal kulturaren transmisioan ekarpena" egingo dutela aurrerantzean ere, eta, zentzu horretan, "aurtengo azokak zeregin horretan jarraitzeko indarra" ekarri duela.
Salmenta onak
Antolatzaileek zein azokako partaideak gustura daude salmentekin. Denetarik eta ondo saldu dela nabarmendu dute, baina bereziki aipatu dute "gizarte gaiak eta emozioen lanketa jorratzen dituzten liburuen bila" etorri direla gazte asko.
Musikaren alorrean, talde ezagunek jendetza erakarri dute, ilara luzeak izan dira horietako batzuen sinadurak lortzeko (Zetak, Bulego, ETS, Izaro...), eta, bitxikeria gisa, zenbait kasutan, biniloek CDek baino arrakasta handiagoa izan dute.
Bestalde, atari digitalak 60.000 bisita izan ditu lehen lau egunetan, eta Durangon, aparkalekuetatik Landakora jendea hurbiltzeko autobusetan, 5.000 lagun ibili dira.
"Zu non, han DA!" ekimena, astelehenetik aurrera Euskal Herriko 88 liburu dendatan
Durangoko Azokaren olatuari jarraipena emanez, bihartik aurrera "Zu non, han DA!" ekimena garatuko da Euskal Herriko 88 liburu dendatan. Azokako nobedadeak ezagutu ahalko dira bertan, eta 27 aurkezpen egingo dira abenduaren 20ra bitartean.
Horrez gain, datorren urterako hitzordua jarri dute jada. Hala, 2024ko abenduaren 5etik 8ra egingo da Durangoko Azokaren 59. edizioa.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa