Binakako Txapelketa 2022: Eusko pilotaren azken orduko albisteak - EITB Binakako txapelketa
Binakako txapelketa
Martxoaren 31n, 17:00etan
EITB Media
Binakako Txapelketako finala martxoaren 31n, igandean, jokatuko da, Nafarroa Arenan. Final handia zuzenean eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek, 17:00etatik aurrera.
Binakako Txapelketako finala; Altuna III-Martija vs Etxeberria-Zabaleta. Argazkia: EITB Media
Jokin Altuna-Julen Martija eta Peio Etxeberria-Jose Javier Zabaleta bikoteek jokatuko dute Binakako Txapelketako finala, igande honetan, martxoaren 31n, Nafarroa Arenan.
Final handia zuzenean eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek, 17:00etatik aurrera. Gainera, neurketaren nondik norakoak Euskadi Irratian zein Radio Euskadin ere izango dira entzungai.
Etxeberriak eta Zabaletak bigarren postuan amaitu zuten hasierako ligaxka, 14 jardunalditan 9 garaipen eskuratuta; ondorioz, zuzenean lortu zuten finalerdietarako ligaxkako txartela. Altuna III.a eta Martija, adiz, hirugarren izan ziren hasierako ligaxkan, 14 jardunalditan 8 partida irabazita; horrenbestez, play-offa jokatu behar izan zuten. Horrela, play-offean eskuratu zuten finalerdietako ligaxkarako sailkapena, Artolaren ordez jokatu zuen Urrutikoetxea eta Imaz menderatuta (11-22).
Finalerdietako ligaxkan Etxeberria eta Zabaleta izan ziren onenak, hirutik hiru neurketa irabazita. Altuna III.a eta Martija bigarren izan ziren, hirutik bi norgehiagoketetan nagusituta. Ondorioz, bi bikoteak sailkatu ziren finalerako.
Txapelketan zehar birritan neurtu dituzte indarrak Altuna III-Martija eta Etxeberria-Zabaleta bikoteek, eta bietan nagusitu dira Etxeberria eta Zabaleta: hasierako ligaxkako 9. jardunaldian, 19-22ko emaitzarekin bereganatu zuten garaipena Etxeberriak eta Zabaletak, eta finalerdietako ligaxkako neurketan, 14-22 nagusi ziren berriz Peio eta Jose Javier. Binakakoaren bigarren jardunaldian Jokin Altunak ez zuen jokatu, min hartuta zegoelako; Danel Elezkanok ordezkatu zuen Amezketakoa, eta Martija lagun zuela, 9-12 galdu zuten Etxeberriaren eta Zabaletaren kontra.
Altuna III.a eta Etxeberria, berriz elkarren aurka final baten
Jokin Altuna eta Peio Etxeberria bigarrenez ariko dira nor baino nor gehiago txapelketa handi baten finalean; izan ere, 2023ko azaroaren 19an, Altunak Lau t'erdiko txapela jantzi zuen, finalean Etxeberria mendean hartuta (22-9).
Lau pilotariak, palmaresak handitzera
Jokin Altunak zortzigarren txapela jantzi nahi du; Binakako Txapelketa bigarrenez irabaziko luke, finalean nagusituz gero. Gipuzkoarrak 2022an irabazi zuen Binakakoa, Julen Martijarekin bikotea osatuta.
Jose Javier Zabaletak bosgarrenez irabazi nahi du Binakakoa, 2013, 2018, 2021 eta 2023. urteetan ere jantzi baitzuen txapela.
Julen Martijak birritan irabazi du Binakako Txapelketa; 2020an eta 2022an, hain zuzen ere. Etxeberrikoak (Nafarroa) hirugarrenez jantzi nahi du Binakako txapela, eta bigarrenez Jokin Altunarekin bikotea osatuta, 2022an egin zuen moduan.
Peio Etxeberriak titulua lortuta estreinatu nahi du maila goreneko bere palmaresa. Zenozkoa (Nafarroa) Lau t'erdiko txapeldunordea izan zen 2023an, Altuna III.aren aurka finala galduta. Binakakoari dagokionez, txapeldunorde izan zen Promozio mailan, 2018an.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa