20:34

Reala

EA Sports Liga

Realak beste garaipen bat lortu du Ligan Espanyol menderatuta (2-1)

I. G. | EITB MEDIA

Beckerrek aurretik jarri ditu txuri-urdinak partida hasi eta berehala, baina Puadok berdinketa jarri du penaltiz. Braisek sartu du garaipenaren gola, azken minutuetan.

  • Becker gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Becker gola ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Realak 2-1 irabazi dio Espanyoli igande honetan Reale Arenan jokatu den EA Sports Ligako 23. jardunaldiko partida. Beckerrek aurretik jarri ditu txuri-urdinak partida hasi eta berehala, baina Puadok berdinketa jarri du penaltiz. Braisek sartu du garaipenaren gola, azken minutuetan.

Partida ezin hobeto hasi da txuri-urdinentzat; izan ere, 40. segundoan egin dute lehen gola. Kataluniako taldeak atzetik ataratako baloi bat Zubimendik lapurtu du, Sucici eman dio erdiratzeko, eta Beckerrek jaurtiketa ondo bideratu du gola egiteko (1-0).

Hain ondo hasteak adrenalina eman dio Realari, eta nagusi izan da lehen minutuetan, Zubimendiren eta Beckerren abaguneekin, baina azkenean ez dituzte gauzatu. Sucicek bat egin du festarekin banakako jokaldi bikaina eginez sei defendatzaile atzean utzita, baina azken jaurtiketan atezainak oina atera du baloia desbideratzeko.

Espanyolen aldetik gutxi izan da nabarmentzeko, ia ez baitute arriskurik sortu, eta egin dutenean han izan dira Aramburu eta Aguerd aukerak zapuzteko. Euskal taldeak baloiaren jabe izaten eta aurkarien area inguratzen jarraitu du, baina ez da aldea handitzeko gai izan.

Aldageletatik bueltan, partida zaildu zaio Realari epaileak Espanyolen aldeko penaltia adierazi duenean. Aguerd eta Puado baloiaren lehian aritu dira area barruan, eta, defentsa txuri-urdina jaurtiketa ixtera joan denean, takoekin eman dio aurkariari. Puado bera arduratu da markagailua berdintzeaz penalti puntutik (1-1).

Imanol Alguacilen taldeari asko zaildu zaio partida. Areara hurbildu bai, baina ez du atea aurkitzerik izan. 84. minutuan, zelaira sartu berritan, Braisek Olasagastik erdiratutako baloi bat harrapatu, eta gola egin du, txuri-urdinei garaipena emateko (2-1).

Fitxa teknikoa:

2 - Reala: Remiro; Aramburu, Aritz, Aguerd, Javi Lopez; Zubimendi, Marin (Olasagasti, 62. min), Sucic (Brais Mendez, 81. min); Becker (Kubo, 77. min), Oskarsson (Oyarzabal, 62. min) eta Sergio Gomez (Barrenetxea, 62. min).

1 - Espanyol: Joan Garcia; El Hilali, Kumbulla, Calero (Cheddira, 87. min), Cabrera; Edu Exposito (Veliz, 46. min), Aguado (Bauza, 81. min), Kral; Roca (Jofre, 46. min), Puado eta Roberto Fernandez (Tejero, 70. min).

Golak: 1-0, 1. min: Becker. 1-1, 52. min: Puado. 2-1, 84. min: Brais Mendez.

Epailea: Javier Alberola Rojas. Txartel horia atera die Aritzi, Aguadori eta Cabrerari.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    22 16:00 - 17:15 HERRI KIROLAK | Goma gaineko sokatira finalak
    22 17:05 - 20:00 PILOTA | B Serieko finala: Egiguren V-Bikuña vs Salaberria-Gaskue

      Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

      Bisitatuena

      1
       
      kargatzen