Reala
26. jardunaldia
EITB MEDIA
Comesañak, bi gol sartuta, aurretik jarri du Castelloko taldea, eta Merinok, azken minutuetan, 1-2koa egin du; Sorlothek, luzapenean, bisitarien hirugarrena lortu du. Gipuzkoako taldeak Ligako bost partida jarraian daramatza Reale Arenan irabazi gabe, eta azken biak galdu egin ditu.
Kubo eskuineko hegaletik sartzen saiatu da. Argazkia: EFE.
Realak 1-3 galdu du, Vila-real aurkari, Reale Arenan, ostiral gauean, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako 26. jardunaldian. Santi Comesañak, bi gol sartuta, aurretik jarri du Castelloko taldea, eta Mikel Merinok, azken minutuetan, 1-2koa egin du; Alexander Sorlothek, luzapenean, bisitarien hirugarrena lortu du. Gipuzkoako taldeak, horrenbestez, Ligako bost partida jarraian daramatza Reale Arenan irabazi ezinik, eta azken biak galdu egin ditu. Realak, 40 puntu dituela, sailkapeneko seigarren postuan jarraitzen du.
Reala-Vila-real partidako laburpena
Reale Arenan ohi baino zale gutxiago izan dira, Bultzadaren protesta tarteko. Testuinguru horretan, Reale Arenan Pachecok eta Zakharyanek Igor Zubeldia eta Mikel Merino ordezkatu dituzte hasierako hamaikakoan, Realaren aldetik, eta Barrene eta Andre Silva ere zelairatu ditu titular gisa Imanolek. Seigarren minutuan, hasi eta berehala, Barrenek aldaketa eskatu du, antza gerrian minduta, eta Olasagasti irten da haren ordez.
Gipuzkoako taldea ondo sartu da norgehiagokara, eta Vila-realek atzera egin behar izan du. Hamalaugarren minutuan, korner batean, Brais ondo aurreratu da lehen zutoinean, eta Coquelinek atera du baloia, barrura zihoala. Baina ia jarraian, 17. minutuan, Guedesek aukera on bat izan ostean, Vila-realek sartu du gola, beste korner batean.
VARek gola aztertu du, kontuan izanik nola gauzatu den hori. Ondo egindako estrategia jokaldi batean, Raul Albiolek buruz sartu du baloia rea txikian; Santi Comeñasak egin du gola, oso gertutik, Alex Remiro lekuz kanpo zegoela. Kontua da atezain nafarra, bi segundo lehenago, berdegunera erori egin dela, Comesañarekin talka eginda. Remirok protesta egin du, baina Iglesias Villanueva epailearen iritziz gola balekoa izan da.
Atsedenaldira arte, Reala berdinketaren bila ibili da buru-belarri, ez oso argi, baina baloia azkar mugituz eta hegaletatik ondo sartuz, bereziki eskuinaldetik, Take Kubori esker. 40. minutuan, Javi Galan, ezkerretik, jokaldi ona egin eta erdiraketa bikaina egin du, bigarren zutoinera; bertan, Traore oso gutxigatik ez da iritsi 1-1ekoa sartzeko. Luzapenean, Zakharyanek ateratako falta batek langan jo du, goitik.
Bigarren zatia oso gaizki hasi da, Realarentzat. 47. minutuan, talde txuri-urdinak baloia atzetik ateratzean asmatu ez duen jokaldi batean, Baenak bereganatu du baloia, eta Comesañari abagune bikaina eman dio; azken horrek ez du barkatu, eta 0-2koa egin du.
Aramburu Traoreren ordez zelairatu da atsedenaldia amaituta, eskuin hegaleko atzelariak erorikoa izan baitu aurreneko zatiko azken minutuetan. Realak ahalegin handia egin du gola sartzeko, eta hainbat jokalditan izan da Jorgensen Vila-realeko atezainaren arean. Kubok, Andre Silvak, Zakharyanek… erremate onak egin dituzte. Imanolen gizonek jakin bazekiten gol batek punturen bat lortzeko aukera zabaldu ahal ziela, eta sendo aritu dira horren bila. Marcelinoren taldeak ere, 58. minutuan, jokaldi ona izan du, beste gol bat sartzeko.
Azken minutuetan, 86.ean, Mikel Merinok sartu du 1-2koa. Nafarrak ezin hobeto baliatu du area barruan hartu duen baloia; jokaldian, Realak hainbat erremate egin ditu, azkenean aukerarik onena izan arte. Merinok, hala, itxaropen handia eman die Reale Arenan izan diren zale guztiei.
Euskal taldea erabat erasoan zebilela, luzapenean, Vila-realek 1-3koa erdietsi du. Sorlothek egin du hori. Aurrelariak, Realeko jokalari ohia bera, markagailua itxi du, Realak hainbat oztopo topatu dituen partida batean. Adi izan beharko gara ea zer duten Barrenetxeak, Traorek eta Zakharyanek, eta, bereziki, txuri-urdinak segituan jarriko dira lanean Kopako astearteko norgehiagoka handian prestatzeko; Realak Cartujako finalerako txartela eskuratu nahi du, zale guztiek lagunduta.
Fitxa teknikoa
1 - Reala: Remiro; Traore (Aramburu, 46. min), Le Normand, Pacheco, Galan; Zubimendi, Brais (Merino, 65. min), Zakharyan (Becker, 72. min); Kubo, Silva (Sadiq, 65. min) eta Barrenetxea (Olasagasti, 7. min).
3 - Vila-real: Jorgensen; Mosquera, Albiol, Bailly, Moreno (Cuenca, 70. min); Ilias (Parejo, 70. min), Coquelin (Capoue, 84. min), Comesaña, Baena (Morales, 84. min); Moreno (Sorloth, 79. min) eta Guedes.
Golak: 0-1, 17. min: Comesaña; 0-2, 47. min: Comesaña; 1-2, 87. min: Merino; 1-3, 90+5. min: Sorloth.
Epailea: Javier Iglesias Villanueva (Galiziako Batzordea). Le Normand, Silva eta Zakharyan zigortu ditu, txartel horia ateraz, Realaren aldetik, eta gauza bera egin du Vila-realeko Jorgensen, Mosquera, Albiol eta Cuenca jokalariekin.
Gertakizunak: EA Sports Ligako 26. jardunaldiko partida. Reale Arenan jokatu dute, eta 30.609 zale izan dira bertan.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa