Reala
EUSKAL DERBIA
B. L. G. | EITB MEDIA
Sorlothen, Kuboren eta Oyarzabalen golek garaipena eman diote Realari. Sancetek 2-1ekoa sartu duen arren, zurigorriek ezin izan dute Reala menderatu.
Realaren eta Athleticen arteko euskal derbia. Argazkia: EFE
Realak eraman du Reale Arenako derbia Athletic menderatuta. Sorlothek, Kubok eta Oyarzabalek gol bana egin dute. Athletic partida berdintzetik gertu egon da baina Sanceten gola ez da nahikoa izan. Hain zuzen ere, 60. minutuan, epaileak penaltia adierazi baitu Realaren alde eta Yeray Alvarez kaleratu du.
Reala-Athletic partidako laburpena
Lehen zatia berdindua eta lehiakorra izan da. Reala erasora joan da hasiera hasieratik Take Kubo jokalari erasokorrena zelarik. Lehen jaurtiketa donostiarrek egin dute: 7. minutuan, Brais Mendezek urrunetik jaurti eta baloia zutoinaren ondotik joan da kanpora.
Athletic ez da atzean geratu eta Williams anaien jokaldi batekin erantzun dute bost minutura. Nicok baloia erdiratu eta Iñakik bakar-bakarrik errematatu du Remiroren atera baina ez du asmatu atea zulatzen.
Realak golaren bila jarraitu du eta 25. minutuan lortu du saria. Sorlothek bere laugarren gola jarraian eskuratu du. Zubeldiak emandako baloi bat jaso eta norvegiarrak Unai Simonen ate barrura bidali du baloia.
Minutu onak izaten ari ziren txuri-urdinentzat eta atsedenaldira iristeko hamar minutu baino gutxiago falta zirela, Silvak baloia berreskuratu eta Take Kubok bikain definitu du Unai Simonen aurrean Realaren bigarren gola egiteko.
Athleticek, baina, ez du amore eman eta hiru minutu beranduago (40. minutuan) Sanceten eskutik gola egin dute zurigorriek. Atsedenaldiaren aurretik, partida guztiz irekita utzi du golak.
Bigarren zatia hasi eta berehala Sorlothek zelaia utzi behar izan du min hartuta eta Oyarzabalek ordezkatu du.
Partida guztiz aldatu duen jokaldia 60. minutuan heldu da. Take berriro Unai Simonen aurrean bakarrik geratzear zela, Yeray Alvarezen penaltia adierazi du Cuadra Fernandez epaileak eta Athleticeko atzelaria kaleratu du. Bederatzi hilabete beranduago, Mikel Oyarzabalek penalti bat jaurtitzeko ardura hartu eta Realaren hirugarren gola egin du eibartarrak.
Markagailuan 3-1ekoa jarrita eta Athletic jokalari bat gutxiagorekin zela, partidak bestelako itxura bat hartu du. Azkenean, euskal derbia txuri-urdinek irabazi dute eta hirugarren postua sendotu dute. Athletic, berriz, 8. postura jaitsi eta Europako postuetatik kanpo geratu da, donostiarrengandik 9 puntura.
Fitxa teknikoa:
3- Reala: Remiro; Elustondo (Gorosabel, 76. min), Le Normand, Zubeldia, Rico; Zubimendi, Silva (Robert Navarro, 76. min), Merino, Brais (Illarramendi, 76. min); Sorloth (Oyarzabal, 48. min) eta Take Kubo (Barrenetxea, 76. min).
1- Athletic: Unai Simón; De Marcos, Vivian, Yeray, Berchiche; Vesga, Dani García (Zárraga, 65. min), Iñaki Williams (Raúl García, 76. min), Sancet (Paredes, 65. min); Nico Williams (Muniain, 76. min) eta Guruzeta (Berenguer, 57. min).
Golak: 0-1, 25. min: Sorloth. 2-0, 36. min: Take Kubo. 2-1, 40. min: Sancet. 3-1, 61. min: Oyarzabal (penaltiz).
Epailea: Cuadra Fernández. Txartel gorria Yeray Alvarezi 60. minutuan. Txartel horiak: Le Normand, Take Kubo, Sorloth, Zubeldia, Zubimendi eta Dani Garcia.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:50 - 12:15 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:20 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa