Futbola
Eintrachti finala irabazita
A. B. E. | EITB Media
Espainiako taldeak garaipena eskuratu du Eintracht Frankfurten aurka 2-0ko emaitzarekin eta Europako Superkopa bereganatu du.
Real Madrileko jokalariak, Europako Superkopako garaikurrarekin. Argazkia: EFE
Real Madril da 2022ko Europako Superkopako txapelduna, asteazken honetan (abuztuak 10) Helsinkin (Finlandia) jokatu den finalean Eintracht Frankfurt mendean hartuta, 2 eta 0.
2021-2022 Txapeldunen Ligako eta Europa Ligako txapeldunak, Real Madril eta Eintracht Frankfurt hurrenez hurren, Finlandian lehiatu dira 2022-2023 denboraldiko lehen titulua lortzeko helburuarekin. Lehen zatia parekatua izan da. Real Madril izan da baloiaren jabe eta Eintracht kontraerasora irteteko zain egon da. Neurketako lehen abagune argia Frankfurteko taldeak izan du; Kamada bakarrik geratu da Courtoisen aurrean eta Real Madrileko atezainak gola saihestu du, aurkariaren jaurtiketa gurutzatua desbideratuta. Bost minutu beranduago, ordea, Viniciusek area barrutik egin duen errematea atepetik atera du Tutak, gola eragotzita. Ondoren, bi taldeei kosta egin zaie gola sartzeko aukerak lortzea, baina lehen zatiko azken txanpan, Real Madril nagusitu da: Viniciusen beste erremate bati erantzun bikaina eman dio Trapp atezainak, baina ia jarraian, Alabak gola sartu du (1-0) Real Madrilentzat. Espainiako taldearen gola korner baten bidez etorri da; Kroosek atera, Benzemak buruz jo, baloia kanpora joan aurretik Casemirok berriz area barruan jarri du, eta Trappek ezin izan du Alabaren errematea gelditu.
Atsedenaldira iritsi aurretik, Madrilgo taldeak bigarren gola sartzeko abagunea izan du, konkretuki 41. minutuan; Benzemak, ordea, ez du aurkariaren ate aurrean asmatu.
Bigarren zatian, jaun eta jabe izan da Real Madril. Erasokor zelairatu da Eintracht, baina Real Madrilek ondo eutsi dio defentsako lan bikaina eginda. Pixkanaka, Madrilgo taldea arriskua aurkariaren ate ingurura eramaten hasi da. Neurketako 55. minutuan Trapp atezainak Viniciusen jaurtiketa gelditzea lortu du, baloiak Eintrachteko defentsa batengan jo ostean. Sei minutu beranduago Casemirok egin duen jaurtiketa kanpora joan da langan jota. Ekinean jarraitu du Real Madrilek eta saria jaso du 65. minutuan Benzemak sartu duen golarekin (2-0); Viniciusek atzean utzi ditu aurkariak, pasea eman dio frantziarrari, eta horrek ez du errukirik erakutsi.
Carlo Ancelottik zuzentzen duen taldearen bigarren golak erabakita utzi du finala. Eintracht Frankfurt ezinean ibili da, Real Madril nagusi izan da, baina Espainiako taldeari azken pasearekin asmatzea falta izan zaio beste golen bat lortu ahal izateko. Amaieran, Real Madril izan da garaile (2-0), eta Europako Superkopa bereganatu du.
Fitxa teknikoa:
2 - Real Madril: Courtois; Carvajal (Rüdiger, 85.min), Militao, Alaba, Mendy; Casemiro, Kroos (Tchouameni, 85. min), Modric (Rodrygo, 66. min); Fede Valverde (Camavinga, 76. min), Vinicius (Ceballos, 85. min) eta Benzema.
0 - Eintracht Frankfurt: Trapp; Toure (Lucas Alario, 70. min), Tuta, N'Dicka; Knauff, Rode (Gotze, 58. min), Sow, Kamada; Lenz, Lindström (Kolo Muani, 58. min); eta Borre.
Golak: 1-0, 37. min: Alaba. 2-0, 65. min: Benzema.
Epailea: Michael Oliver (Ingalaterra). Txartel horia atera Alario (92') Eintrachteko jokalariari.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa