Osasuna
Denboraldiaurrea
EITB MEDIA
Kopako txapeldunordea entrenatzen hasi da, Taxoaren, Jagoba Arrasateren seigarren denboraldian. "Uste dut azkenean arrazoia emango digutela", adierazi du Jagoba Arrasate entrenatzaileak, Osasuna Konferentzia Ligan parte-hartzeaz.
Jagoba Arrasate eta Osasunako jokalariak, ariketa batean. Argazkia: EFE.
Osasuna abian da, astelehenetik, 2023-24 denboraldia prestatzea helburu. Kopako indarreko txapeldunordea entrenatzen hasi da, Taxoaren, Jagoba Arrasate entrenatzailearen seigarren denboraldian. Nafarroako klubak zalantzan du Konferentzia Ligan parte hartzerik izango duen ala ez; Arrasate, baina, itxaropentsu azaldu da: "Uste dut azkenean arrazoia emango digutela", adierazi du, lehenengo lan-egunean.
Uztailaren 4an, Osasunak UEFAren jakinarazpena jaso zuen: nazioarteko txapelketatik at uzten zuten. Iruñeko klubak ofizialki baieztatu zuen Kirolaren Arbitraje Auzitegira joko duela; uztailaren 25era arte du epea hori egiteko. Osasunaren helburua da abuztuaren 7ko zozketan egon ahal izatea.
Azken egunetan, taldeak sanferminetako hasieraz gozatu du; izan ere, Osasunak jaurti zuen txupinazoa, uztailaren 6an. Astelehenean, baina, 10:00ak aldera irten da Osasuna Taxoareko zelai nagusira. Jose Arnaiz eta Alejandro Catena jokalari berrientzat, lehen eguna izan da; hegalekoa eta erdiko atzelaria fitxatu ditu Osasunak, 2023-24 denboraldirako. Arnaizek, Catenak eta taldeko gainerako jokalariek entrenamendu saio arina egin dute; Nacho Vidal eta David Garcia ez dira taldearekin batera ibili, eta Adama Boiro izan da Osasuna Promesasen jokalari bakarra, Arrasateren esanetara.
Aste gogorra du aurretik Osasunak; asteartean eta ostegunean, lan saio bikoitza du, eta asteazkenean eta ostiralean bakarra. Larunbatean, lehen lagunarteko neurketa jokatuko du, Osasuna Promesasen aurka, 10:00etan, Taxoaren. Igandean atseden eguna izango du taldeak.
Jagoba Arrasate: "Uste dut azkenean arrazoia emango digutela"
Bitartean, Jagoba Arrasate entrenatzaileak uste du Osasunari, "azkenean, arrazoia emango" diotela, Konferentzia Liga jokatu ahal izateko.
Entrenatzaile gorritxoak esan du "amorrazioa eta frustrazioa" dituela, kontuan izanik Konferentzia Liga jokatzeko eskubidea "zelaian eta harmailetan, jokalariekin eta zaleekin" bereganatu duela Osasunak: "Ez dugu ulertzen, baina, aldi berean, borrokan ari gara. Ilusio hori dugu. Kluba lanean ari da, eta bakoitzak bere zeregina du. Ea Europan jokatzerik dugun, lan horren bidez, hori merezi dugu", esan du, denboraldiaurreko lehen saioa bukatuta.
"Jakin badakit kluba egunez eta gauez ari dela lanean. Gu berdegunean gaude zentratuta, hobetu nahirik. Liga oso lehiakorra da, hilabetea dugu eta gure lana honetan zentratzea da. Badakigu kluba mugitzen ari dela, justizia egon dadin", nabarmendu du.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa