Athletic club
EA SPORTS LIGA
L. E. A. | EITB MEDIA
Ernesto Valverderen taldeari erritmoa eta energia falta izan zaizkio Arrasateren taldea estutzeko.
Robert Navarro eta Nico Williams. Argazkia: Efe.
Athleticek eta Mallorcak hutsean amaitu dute EA Sports Ligako 11. jardunaldiko partida. Bilboko taldeak jokalari bat gehiagorekin jokatu dute 70 minutuan, baina ez dira gai izan abantaila horri etekina ateratzeko eta asko kosta egin zaie arriskua sortzea.
Yeray izan da albiste Ernesto Valverderen hasierako hamaikakoan. Atzelariak lehen partida jokatu du irailaren 11n izandako lesioaren ostean. Mallorcari dagokionez, Arrasatek liga honetan hain emaitza onak lortzen ari den taldea zelairatu du.
Lehoiak lo atera dira zelaira eta etxeko taldeak arrisku handiko bi jokaldi egin ditu lehen bi minutuetan: lehenengoak ez du ondoriorik izan, jokoz kanpoko posizioa izan delako, baina bigarrenean Agirrezabalak geldiketa ikusgarria egin behar izan du, Muriqik egindako jartiketa gogorra desbideratu ahal izateko.
11. minutuan, epaileak txartel gorria atera dio Mallorcako prestatzaile fisikoari, eta 12.ean horia Samu Costari, Ruiz de Galarretari egindako sarrera itsusiagatik. VARak jokaldia berriro ikusteko eskatu dio, txartel gorria ateratzeko moduko sarrera ote zen erabakitzeko, baina epaileak ez du iritzia aldatu.
Hala ere, jokalari portugaldarrak ez du zelaian asko iraun, 23. minutuan epaileak bigarren txartel horia atera baitio, Ruiz de Galarretari beste sarrera gogor bat egiteagatik, eta Mallorca jokalari bat gutxiagorekin geratu da.
Bilboko taldeak ez dio egoerari etekinik ateratzen jakin eta ez du arrisku handirik sortu. 44. minutuan, Nico Williamsek gola egin du Iñaki anaiak eskuinetik egindako erdiraketa aprobetxatuta, baina baloia zelaitik atera da Williams zaharrenak erdiraketa egin aurretik eta gola baliorik gabe utzi du epaileak (0-0).
Atsedenaldiaren ostean, Valverdek Vivian sartu du, Paredesen ordez (txartel horia ikusi du lehen zatian), eta minutu batzuk geroago, 57. ean, Djaló eta Berenguer zelairatu ditu, Guruzeta eta Sanceten ordez.
75. minutuan, epaileak baliorik gabe utzi du Iñaki Williamsek egindako gola, ondo baliogabetutakoa, zuri-gorria jokoz kanpo egon baita Berenguerren pasea errematatu duenean.
Nicoren errematea, langara
Aukerarik argiena 82. minutuan iritsi zaie zuri-gorriei. Nico Williamsen erremateak langan jo du eta aldaratzearen osteko errematean Berenguerrek ez du asmatu, gutxigatik izan bada ere.
Berenguerrek ere aukera argia izan du 89. minutuan egindako erdiraketa-jaurtiketa batean, eta Greif atezainak baloia desbideratzea lortu du, eskua maisutasunez erabilita.
Eta azken minutuetan, Ander Herrerak aukera izan du gola egiteko, baina urrutitik egindako jaurtiketa gogorra gutxigatik joan zaio kanpora.
Azkenean, golik gabeko berdinketa Son Moixen Mallorca eta Athleticen artean. Zuri-gorriek ez dute jokalari bat gehiagorekin jokatutako 70 minutuei etekina ateratzen asmatu.
Fitxa teknikoa
0 - Mallorca: Greif; Maffeo, Valjent, Raíllo, Mojica; Navarro (Dani Rodriguez, 65. min), Samu Costa, Morlanes (Copete, 92. min), Darder (Antonio Sanchez, 46. min); Larin (Mascarell, 25. min), Muriqi (Abdon, 92. min).
0 - Athletic: Agirrezabala; Gorosabel (De Marcos, 82. min), Yeray, Paredes (Vivian, 46. min), Yuri; Galarreta (Herrera, 70. min), Jauregizar, Iñaki, Sancet (Berenguer, 57. min), Nico; Guruzeta (Djalo, 57. min).
Epailea: Martinez Munuera (Valentziako batzordekoa). Samu Costa kaleratu du txartel horia aterata (23. min), eta Sergi Perez Mallorcako prestatzaile fisikoa ere bota du, txartel gorri zuzena aterata (10. min). Horrez gain, txartelak atera dizkie Mallorcako Mojica (23. min), Larin (25. min) eta Muriqi (37. min) jokalariei, eta Athleticeko Paredesi (17. min).
Hurrengo zuzenekoak
18 | 20:00 - 22:30 | SASKIBALOIA | EuroCup: IDK Euskotren vs Charnay |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa