Eusko Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeetako lehendakarigaiak | EITB Legebiltzarrerako hauteskundeak
Hautagaitzak
Hauteskunde autonomikoak
EITB.EUS
Santurtziarra lehen lerrora itzuli da, 2019an Europako zerrendetan geroratua izan eta politika utzi ostean. Diskurtso gogorraren jabe, Voxen boto-emaileak berarekin "eroso" egongo direla agindu du.
Carlos Iturgaiz. Argazkia: EFE
Albisteak (3)
Informazio gehiago (2)
Inork gutxi espero zuenean bueltatu da Carlos Iturgaiz Angulo (Santurtzi, 1965) politikaren lehen lerrora. Ezustean, apirilaren 5eko hauteskunde autonomikoetan PP+Cs koalizioaren lehendakarigaia izatea proposatu zion Pablo Casado PPko buruak, Alfonso Alonso bazter utzita.
Carlos Iturgaiz aipatzeak denboran 20 urte atzera egitea dakar, 90ko hamarkadara. ETAren garai gogorrenak ziren haiek. Santurtziarra Euskadiko PPko presidentea zen ETAk Miguel Angel Blanco hil zuenean, eta Iturgaiz bera bi atentatu saiakeraren biktima izan zen. Azken 15 urteak urrunago, Europako Parlamentuan, eman zituen Iturgaizek, harik eta 2019ko apirilean politika utzi zuen arte. Lehendakarigai proposatu duen PP zuzendaritza berak 17. postuan jarri zuen Europako zerrendetan, eta minduta, agur esatea erabaki zuen.
Nafar jatorriko familia baten baitan jaioa, haurtzaroa Portugalete eta Santurtzi artean (Bizkaia) eman zuen. Hizkuntza klasikoak ikasteari ekin bazion ere, musikan lortu zuen titulua, eta akordeoi irakasle gisa jardun zuen.
Politikagintzan, zinegotzi lanetan hasi zen: aurrena, Santurtzin eta gero, Bilbon (1991-1995). Bi urtez (1991-1993) Bizkaiko batzarkide izan zen. 1993an Euskadiko PPko idazkari nagusi hautatu zuten, eta handik urtebetera, legebiltzarkide. Jaime Mayor Orejaren eta Jose Maria Aznarren oso gertukoa, haien babespean jardun du. Hain justu, Aznar Espainiako Gobernu presidente eta Mayor Oreja Barne ministro izendatzean, 1996ko urrian, hartu zuen berak EAEko PP zuzentzeko ardura.
Buruzagi popularra lehendakarigai ere izan zen 1998ko hauteskunde autonomikoetan. Emaitza bikainak eskuratu zituen PPk orduko hartan: 251.000 boto (Juan Jose Ibarretxeren EAJk baino 100.000 boto gutxiago). Bigarren indar izatea lortu zuten popularrek.
Euskadiko PPren presidente izan zen zortzi urteetan Eusko Legebiltzarrean izandako une polemikonetarikoa baten protagonista izan zen Iturgaiz. Bozketa batean, Jaime Mayor Orejaren izenean (ez zegoen bere jarlekuan) bozkatzen saiatu zen, hiru aldiz. Hilabetez zigortu zuten. Euskaraz zekien PPko buruzagi bakarrenetarikoa ere izan da bizkaitarra.
Maria San Gilek Euskadiko PPko Presidentetza hartu zuenean (2004), Legebiltzarra utzi eta Europako Parlamentura joan zen Iturgaiz. Han eman ditu azken 15 urteak. 2019ko apirilean, baina, politika utzi zuen, "triste eta desengainua hartuta", Casadok Europako zerrendetan 17. postuan jarri zuela eta. Orain, urtebete geroago, "ate handitik" itzuli da politikagintzara, baina ez du erronka makala izango hautagai gisa. Alonsoren eta Casadoren arteko tirabirek zatituta utzi du Euskadiko PP, 2016 hauteskunde emaitzek nahikoa burumakur (107.771 boto eskuratu zituen I25ean) utzi zuten alderdia. Egoera politikoa ere, ETA deseginda dagoela, oso bestelakoa da gaur egun.
"Gogotsu" itzuli dela dio Iturgaizek, "abertzaletasunari aurre egiteko asmoarekin". Vox alderdiko boto-emaileei ere zuzendu zaie, berarekin "oso eroso" sentituko direla aginduta.
Iturgaiz ezkonduta dago eta bi seme ditu: gazteenak Mikel du izena, Miguel Angel Blancoren omenez. Getxo bizi da.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa