Teknologia -
ADIMEN ARTIFIZIALA
Euskadiko Adimen Artifizial Aplikatuaren lehen Kongresuak AAren azken joerak joerak aztertu ditu
Adimen Artifizialaren Euskal Zentroak antolatu du ekimena, "adimen artifizialaren ekosistemarako elkargune giltzarri gisa". Inaugurazioan, adimen artifizialaren ezarpena azkartzearen alde azaldu da Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria "industria indartzen jarraitzeko".
EITB MEDIA
ApplAI. Izen hori jarri diote gaur Zamudioko Parke Teknologikoan egin duten Euskadiko Adimen Artifizial Aplikatuaren lehen Kongresuari. Adimen Artifizialaren (AA) Euskal Zentroak antolatu du kongresua, ekosistema horretan parte hartzen duten eragile guztiak bilduta, helburu komun bati aurre egiteko: "Euskadin AAren ezarpena bultzatzea".
Kongresuan hainbat adituk AAko azken joerei buruz aritu dira, adimen artifizial aplikatua hainbat sektoretan nola konpontzen ari den ulertzeko.
Iñigo Urkullu jarduneko lehendakari eta Arantxa Tapia jardunean dagoen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak inauguratu dute jardunaldia. Lehendakariak nabarmendu duenez, beharrezkoa da adimen artifizialaren ezarpena azkartzea, "euskal industria sustatzen eta Euskadi arlo horretan nazioarteko erreferente gisa kokatzen jarraitzeko".
Antolatzaileen arabera, "ez da soilik kongresu bat, Euskadiko Adimen Artifizialaren ekosistemarako inpaktu handiko topagune bat baizik". Modu horretan, Adimen Artifizialaren aplikazioan Euskadi erreferente bihurtu nahi da.
Besteak beste, Javier Del Ser, Itziar Landa Torres edota Gemma Nogales Ramirez adituek hartu dute parte. Azken joeren, erronken edota talentu berriak erakartzeko estrategien inguruan aritu dira.