Teknologia -
INTELIGENTZIA ARTIFIZIALA
Siriren sortzailea kontratatu du Sherpa euskal enpresak
Urte amaierarako, 8,9 eta 17,8 milioi euro arteko finantziazioa lortzea espero du konpainiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Adimen Artifizialean (AA) eta laguntzaile prediktiboetan espezializatua den Sherpa euskal konpainiako aholkulari estrategiko berria Tom Gruber, Siriren fundatzailea eta teknologia zuzendari ohia (CTO), izango da.
Applen hamar urte inguru egin zuen lan Gruberrek. Sherpan, funtzionalitate proaktiboak eta prediktiboak garatuko ditu, eta bere zerbitzuak enpresa horrentzat bakarrik izango direla adostu du.
Xabi Uribe-Etxebarria Sherparen sortzaileak hedabideei azaldu dienez, kontratazio horrek "sinesgarritasuna" emango dio konpainiari, "nazioarteko handiekin lehiatzeko".
Gruber, bere partez, harrituta geratu zen konpainiako adimen artifiziala ikustean, enpresaren Bilboko egoitza bisitatu zuenean. “Ikusi ditudan Digital Assistant enpresa guztien artean, Sherparen produktuak eta taldeak gehien motibatu naute”, adierazi du adituak.
Bestalde, urte bukaerarako finantzazio deialdi bat egingo dutela iragarri du Uribe-Etxebarriak. Horretan, 10 eta 20 miloi dolar arteko inbertsioa lortzea espero dute, hau da, 8,9 eta 17,8 milioi euro artekoa.