Teknologia -
Informatika
Abian da Araba Encounter topaketa informatikoa
Gaurtik hasita eta igandera arte, mila pertsona baino gehiago bilduko dira Gasteizko Iradier Arena aretoan. Bertaratzen direnek segundoko hamar gigabiteko konexio-abiadura izango dute.
Agentziak | Erredakzioa
Ostiral goizetik abian da Araba Encounter hitzordu teknologikoa. Igandera arte, euren ordenagailuak hamar gigabit segundoko abiadura ultra-azkarrean konektatuko dituzten 400 pertsona bildu dira Gasteizko Iradier Arena aretoan. Antolatzaileek esan dutenez, asteburu honetan mila bisitari baino gehiago erakartzeko asmoa dute.
Iradier Arena aretoan bildu diren pertsona guztiek lehiaketetan parte hartzeko aukera izango dute, baita ezagutzak elkar trukatu eta arte digital, bideo-joko, software libre eta hardware ataletako ekintza ugariez gozatu ere.
Gainera, publiko mota guztiei zuzenduriko hitzaldi eta tailer egitarau zabala prestatu dute, hasiberri zein adituentzat, eta gai asko jorratuko dituzte: web garapena, lan-dinamikaren hobekuntza hodeian, telefono adimentsuen erabilera optimizatua, bideo-jokoak eta argazkigintza, besteak beste.
Aurtengo berrikuntza nagusiei dagokienez, bi gune prestatu dituzte informatika gogoko duten zaleentzat. Gauzak horrela, inoiz baino leku eta doako jarduera ireki gehiago egongo dira aretoaren kanpoko eraztunean kokatu den ‘Opengune’ eremuan. Gune horrek hitzaldiak eta tailerrak hartuko ditu, baita 3D inprimagailua eta errealitate birtuala frogatzeko eremua.
Guztira, 400 ordenagailu baino gehiago konektatuko dira segundoko hamar gigabiteko abiaduran, eta etxeetako konektibitatea nabarmen gainditzeko aukera egongo da Gasteizen.
Bilduko diren pertsona gehienak Gasteiztarrak dira, baina Bizkaitik eta Gipuzkoatik datozenak ere badira. Gainera, Kantabriatik, Errioxatik eta Aragoitik etorritako zaleak hurbildu dira Iradier Arena aretoan.
Araba Encounter euskal informatika-partyen sarearen barne dago, Gipuzkoa Encounter bilkurarekin eta Euskal Encounter topaketarekin batera. Azken hori Espainiako informatika-festa handiena da, eta 6.000 lagun baino gehiago biltzen ditu urtero Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia).