Teknologia -
Gipuzkoa Encounter
Bideo-jokoen erabiltzaileen % 47 emakumezkoak dira
"Bideo jokoen bidez helarazitako genero-ereduak berrikustea" gomendatu du Urko Fernandez PantallasAmigas enpresaren arduradunak, "emakumearen irudi sexista erakusten dutelako".
Erredakzioa
Bideo-jokoen erabiltzaileen % 47 emakumeak dira, baina, aldi berean, "bideo-jokoen bitartez emakumearen irudi sexista eskaini ohi da". Urko Fernandez PantallasAmigas enpresaren proiektuen arduradunak azaldu duenez, bideo-jokoen industria aisialdiaren alorrean lehen postuan dago, zinema eta musikaren aurretik.
Hala ere, emakumearen gaineko irudi hori "ezabatu beharreko rol matxistak betikotzen ari dira".
Berdintasuna
Gipuzkoa Encounterren harira, informatikako zaleak eta adituak Tolosan bilduko dira igandera arte. Hitzordu horretan bertan eskaini du hitzaldia Urko Fernandezek. Horren esanetan, erabiltzaileen % 47 izan arren, bideo jokoei begira, emakumezkoek "ez dute tratu bera, salbuespen gutxi batzuk salbu".
Gauzak horrela, "bideo jokoen bidez helarazitako genero-ereduak berrikustea" gomendatu du Fernandezek, 11 urte baino gutxiago duten erabiltzaileen % 73k "bideo-joko eta sare sozialetan aritzeko erabiltzen baitu Internet".
Ekimen onak
Halaber, "gizonezko eta emakumezkoen artean berdintasuna bultzatzen duten bideo-jokoak egiteko" deia egin dio industriari. Horren harira, emakumezkoek egindako hainbat joko aipatu ditu Fernandezek, tartean, Journey (2012) edo Portal (2007), "nazioartekoan salmenta arrakastatsuak izan dituztenak".
Gainera, Veronica Boqueten ekimena ere aipatu du. FIFA jokoan emakumezko futbolariak sartzea eskatu dio Boquetek EA Sports enpresari, "kirolaren bidez berdintasuna jorratzeko". Change.org webgunean egindako proposamenak aldeko 32.000 sinadura bildu ditu dagoeneko.