Politika -
Bilera Osasun Ministerioan
Azken urteko BAME ikasleek medikuen laguntzarik gabe lan egin ahal izatea eskatu dio Sailak Ministerioari
Alberto Martinez Osasun sailburuak Monica Garcia ministroari eskatu dio, halaber, medikuek erretiroa 72 urtera arte luzatzeko aukera izatea, Osakidetzak "salbuespen egoera kritikoa bizi duelako profesional faltagatik".
Agentziak | EITB Media
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Monica Garcia Osasun ministroari eskatu dio Familia Medikuntzako espezialitateko azken urteko barneko mediku egoiliarrek (BAME) lan egin ahal izatea, batez ere udako aldietan, eskarmentu handiko medikuen laguntzarik gabe.
Ministerioak Madrilen duen egoitzan bi ordu inguru iraun duen batzarrean, Martinezek ministroari esan dio Osakidetzak "salbuespen egoera kritikoa" bizi duela "profesional faltagatik", eta bere Ministerioaren lidergoa eskatu du, erkidego guztiek "irakurketa bateratua" egiteko "legezko aukera" bati buruz, laugarren urteko familia-medikuntzako egoiliarrek mediku gisa lan egin ahal izan dezaten.
"Ibilbide bat izan duten medikuak dira, urte bat, bi, hiru eman dituzte ospitalean edo lehen mailako arretan", esan du Martinezek egoiliar horiei buruz. Haren ustez, BAMEren laugarren urtean lan egin dezakete lehen arretako osasun zentroetan, "inolako mugarik gabe".
Gai horri buruz, Ministerioko iturriek EFEri azaldu diotenez, erkidegoentzat egindako txosten batean adierazi zen bezala, azken urteko egoiliarrek "beren prestakuntzaren barruan, arreta zentroetara modu autonomoan eta independentean joateko gaitasuna dute, betiere eskarmentuko medikuen laguntzarekin bada".
Ildo horretan, gogorarazi dute indarrean dagoen legediak horretarako gaitasuna ematen duela, eta ez dela inolako arau aldaketarik behar azken urteko egoiliarrek eskumen autonomoak beren gain hartu ahal izateko.
Medikuen erretiroa 72 urterekin
Martinezek Garciari eskatu dio, halaber, medikuek, borondatez, erretiroa 72 urtera arte luzatzeko aukera izatea, eta ministroak "aztertzeko" konpromisoa hartu du.
Horri dagokionez, Osasun Ministerioak azpimarratu du badagoela "erretiro aktiboaren" figura, "iaz erretiroa hartu zuten lehen mailako arretako profesionalen % 40 erabili zutena".
Martinezek gogorarazi du bileraren aurretik gutun bat bidali ziotela ministroari, EAEko osasun zerbitzuaren "kezka nagusia" azalduz; gogorarazi duenez, Ministerioaren eskumena den profesionalen falta.
Aldi berean, Jaurlaritzak bere aldetik neurriak hartu dituela esan du sailburuak, besteak beste, apirilean lan-eskaintza publikoa deitzea, ekainean amaituta izatea espero dutena.
Bileran, sailburuak adierazi du beharrezkoa dela egoiliarren kopurua areagotzea. Ildo horretan, esan du Espainia osoan 15.000 ikasle aurkezten direla, eta horietatik 9.000 plaza lortzen dutela. Gainerakoak, "6.000, sistemarako galtzen dira", erantsi du sailburuak. "Akreditazio sistema zurrunegia da", kritikatu du Martinezek.
Horregatik, gaitasunak egiaztatzeko eta tituluak homologatzeko prozesuetan bizkortasun handiagoa izatea eskatu du sailburuak. Martinezen hitzetan, proposamen "arriskutsuak beharrezkoak dira, premiazkoak direlako". "Arazoa gaur dugu, ezin dugu gehiago itxaron", gaineratu du.