Politika -

Erreforma fiskala

Podemosek ez du babestuko erreforma fiskala, barne kontsultan "berdinketa teknikoa" izan dutelako

Podemos Euskadiren zuzendaritzak azaldu du militanteei egindako barne kontsultaren emaitzak ez direla "erabakigarriak".

Argazkia: EITB MEDIA
Argazkia: EITB MEDIA

Argazkia: EITB MEDIA

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Podemos Euskadiren zuzendaritzak ez du babestuko EAJk eta PSE-EEk sustatutako erreforma fiskala, militanteei egindako barne kontsultaren emaitzetan "berdinketa teknikoa" izan dutelako.

Ohar batean, alderdi ezkerzaleak azaldu du kontsultaren parte-hartzea % 25 ingurukoa izan dela. Horretan, % 46k babestu egin dute erreforma fiskala, eta % 43 aurka agertu dira. Gainera, % 11 abstenitu egin dira.

"Horrela, berdinketa ia teknikoa eta kontsultako parte-hartze txikia ikusita, eta gaiaren garrantzia kontuan hartuta, Euskadik gehien behar duten herritarrei benetan mesede egingo dien fiskalitatea izatea jokoan baitago, Podemos Euskadiren Koordinazio Kontseiluak uste du oraintxe bertan ezin dela akordiorik lortu EAJren eta PSEren proposamenarekin", nabarmendu dute.

Alderdi morea prest agertu da jeltzaleekin eta sozialistekin akordioa lortzeko, eta gaineratu du beste proposamen bat aurkeztuko balute, hura aztertu egingo luketela.

EAJk eta PSE-EEk hirugarren alderdi baten babesa behar dute Gipuzkoan eta Araban erreforma fiskala onartu ahal izateko. EH Bildu eta PP negoziatzeko prest agertu dira, baina koalizio subiranistak osoko zuzenketa bat aurkeztu du, eta sozialistek uko egin diote 'popularrekin' hitz egiteari.

Oposizioko talderen bat konbentzitzeko asmoz, jeltzaleek eta sozialistek zuzenketak aurkeztu dituzte Batzar Nagusietan, eta, besteak beste, 19.000 eurotik 20.000 eurora igo dute Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga ordaintzetik salbuetsita egoteko kopurua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bizkaia Gipuzkoa Araba PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak