Politika -
Sozialistak
Eneko Anduezak bere burua aurkeztu du PSE-EEko idazkari nagusi berriz izateko
PSE-EEk Bilbon egin duen Batzorde Nazionalean iragarri du alderdiko buruzagiak erabakia. Batzorde horrek prozesuaren egutegia onartu du, eta otsailaren 14an, 15ean eta 16an amaituko da, Donostian egingo den Kongresuan.
Agentziak | EITB Media
Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak gaur iragarri duenez, bere burua aurkeztuko du berriro kargurako, "Euskadi gidatu ahal izateko".
PSE-EEk Bilbon egin duen Batzorde Nazionalean iragarri du erabakia. Batzorde horrek prozesuaren egutegia onartu du, eta otsailaren 14an, 15ean eta 16an amaituko da, Donostian egingo den Kongresuan.
PSE-EEren idazkari nagusi gisa daramatzan hiru urteetan sozialisten "protagonismoa handitzeko", "boterea berreskuratzeko" eta aplikatzen diren "politiketan eragin handiagoa izateko" helburuak bete direla uste du Anduezak.
Bere ustez, PSE-EEk "nota onarekin" gainditu ditu lau hauteskunde (orokorrak, udal eta foru hauteskundeak, autonomikoak eta Europakoak), eta udal boterea eta Eusko Jaurlaritzan eta aldundietan duen presentzia handitu du.
"PSE-EEk bere lana egiten jarraitzen badu, herritarren ongizatea hobetzeko politika aurrerakoiak aplikatuz, Euskadi berriro gidatzeko garaia berandu baino lehen iritsiko da, Patxi Lopez lehendakariarekin egin genuen bezala", azpimarratu du.
Andueza izango da benetan aukerak izango dituen hautagai bakarra, eta berretsi du Estatutu berri bat defendatuko duela "Euskadi anitz" bati begira, "eskubideak eta askatasunak indartzeko eta blindatzeko, gero beste batzuk murrizketekin etor eta ongizatearen estatua desegiten saia ez daitezen, intolerantzia eta estremismoa nagusi diren garai honetan".