Politika -
Heriotza
Mario Fernandez Kutxabanken lehen presidentea eta aurreneko Eusko Jaurlaritzaren lehendakariordea zendu da
2009an, BBKren presidente hautatu zuten, Xabier de Iralaren ordezko gisa. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru kutxek bat egin eta 2012an Kutxabank sortu ondoren, erakundearen presidente izendatu zuten. 2014ko azaroaren 27an dimisioa eman zuen.
EITB Media
Mario Fernandez (Bilbo, 1943) Kutxabankeko lehen presidentea eta Francoren diktaduraren ondotik aurreneko Eusko Jaurlaritzaren lehendakariordea hil da gaur 81 urte zituela, EITBk baieztatu duenez.
Fernandez Zuzenbidean lizentziaduna zen Deustuko Unibertsitatean, eta Merkataritza Zuzenbideko irakasle izan zen 1966tik. 2009an, BBKko presidente hautatu zuten, Xabier de Iralaren ordezko gisa. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru kutxek bat egin eta 2012an Kutxabank sortu ondoren, erakunde horretako presidente izendatu zuten. 2014ko azaroaren 27an dimisioa eman zuen.
1997tik 2002ra, BBVAko Lege Gaietarako zuzendari nagusia izan zen, eta konpainiako Zuzendaritza Batzordeko kidea. Hala ere, BBVArekin harremana lehenago hasi zen, bere bulegotik bertatik Latinoamerikan bankuak eta pentsio-funtsak kudeatzen dituzten erakundeak erosteko aholkularitza eman eta operazio batzuetan parte hartu zuen eta.
Bere ibilbide politikoari dagokionez, Carlos Garaikoetxearen Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea eta Transferentzien Batzorde Mistoko presidentea izan zen. Zehazki, lehendakariorde izan zen 1982tik 1985era. 1984ko apirilean EAJk legebiltzarkide hautatu zuen eta Gobernuan jarraitu zuen 1985eko urtarrilean kargua utzi zuen arte.
2018ko otsailean, Auzitegi Gorenak atzera bota zuen Mario Fernandez Kutxabanken presidente ohiak aurkeztutako kasazio-helegitea eta, ondorioz, berretsi egin zuen 2017ko martxoaren 20an Bizkaiko Lurralde Auzitegiak ezarri zion sei hilabeteko kartzela-zigorra, bidegabeko jabetza egotzita. Ebazpenaren berri izan ostean, Fernandezek Repsolen Administrazio Kontseiluan zuen kargua utzi zuen.
Erreakzioak
Imanol Pradales lehendakariak eta Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak doluminak adierazi dituzte heriotzagatik. "Eusko Jaurlaritzaren sendotzean politikari garrantzitsuenetako bat izan da, inteligentziaz eta kudeaketa-gaitasunez lagundu baitzuen Gernikako Estatutua eta euskal autogobernua zabaltzen", azpimarratu du Garmendiak, X sare sozialean.
Andoni Ortuzar EAJren presidentearen ustez, Fernandez "hitz errazeko, ideia argiko eta euskal konbikzio nazional sakoneko pertsona" eta "lehendakariorde handia" izan zen, eta "bankuan zein abokatutzan izugarrizko ezagutza pilatu zuen".
"Buru pribilegiatua, polifazetikoa eta Euskadirekiko konpromiso handia zuen herritar baten heriotza", deitoratu du Ortuzarrek. Gainera, nabarmendu du BBKren buru gisa egindako lana, eta gero, EAEko hiru kutxen bat-egitearen ondoren, Kutxabanken egindakoa.
Hain zuzen ere, Kutxabankek "doluminak" helarazi dizkie Mario Fernandezen senide eta lagunei. "Erreferentziazko profesionala, gure mugen barruan eta kanpoan, Marioren ibilbidea bere prestigioak eta Euskadiri zerbitzua emateko borondateak markatu dute", nabarmendu du bankuak, ohar batean.
"Kutxabanken presidentetzan, Mariok aurrera eraman zuen Euskadiko finantza-sistemarako proiekturik erabakigarrienetako bat, euskal kutxen bat-egitea eta Espainiako bankuen kaudimen eta eraginkortasun buru eta gure lurraldeetako familientzat eta enpresentzat erreferente gisa martxan jarritako banku baten eraketa", gaineratu du.
Bestalde, Anton Arriola Kutxabanken egungo presidenteak esan duenez, "Mario 80ko hamarkadan sortu zen Euskadi berri baten ordezkaririk onena izan da". "Kutxabank osatzen dugun guztiek gogoratuko dugu Mario, aintzatespenez eta mirespenez", erantsi du. Era berean, BBK-k Fernandezen "ekarpena eta ibilbidea" balioan jarri du, eta doluminak helarazi dizkio haren familiari.